Asteburuan edukiontziak erre izana gaitzetsi du Legazpiko Udalak
Larunbatetik igandera bitarteko gauean sei edukiontzi erre dituzte Plazaola kalean. Ekintza gaitzesteaz gain, ekintzari buruzko informazioa dutenei laguntza eskatu die egileak identifikatzeko. Kalteen kostua 10.000 eurokoa izan da.
Legazpiko Udalak gaitzetsi egin du igande goizaldean Plazaola kaleko bi gunetan sei edukiontzi erre izana.”Ekintza bandalikorik” ez duela onartuko adierazi du, eta herritarren laguntza eskatu du egileak identifikatzeko. Informazioa dutenei Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko eskatu die.
Gertakariak larunbatetik iganderako gauean izan ziren, 02:00ak aldera, eta bizilagunak, suhiltzaileak eta Ertzaintza sua itzaltzen saiatu arren, sei edukiontzi suertatu ziren kaltetuta. Eragindako kalteen kostua eta edukiontzi berriak jartzearena 10.000 euro ingurukoa izan dela jakinarazi du udalak, eta hori ” legazpiar guztiok ordaindu beharko dugu”. Suak etxebizitzetatik gertu izan zirela ere nabarmendu du, baina arrisku handia izan arren, “zorionez ez da kalte pertsonalik izan”.