Urko Garmendia-Aritz Markotegi eta Beñat Perez-Oier Altzelai larunbateko pilota finalean
Legazpiko herri mailako pilota txapelketaren finala Santikutz jaietan jokatuko da, ohi bezala. Partidak Urbeltzen izango dira, 17:00etatik aurrera. Aurreko egunean, maiatzaren 3an, profesional mailako partidak izango dira eta sarrerak salgai daude.
Legazpiko binakako pilota txapelketa herrikoiaren finala larunbateko 17:00etan jokatuko da, Urbeltz pilotalekuan, Santiktuz jaien barruan. Aurten, Urko Garmendia-Aritz Markotegi eta Beñat Perez-Oier Altzelai bikoteak izango dira finalean.
Horren aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Aritz Agirrek eta Luis Ibargurenek Aitor Agreda eta Markel Arrizabalagaren aurka. Aritz Agirre lesionatuta dago, eta horren ordez Josu Ibargunerek jokatuko du, aita Luisekin bikotea osatuta. Agreda eta Arrizabalaga, berriz, iazko txapeldun ordeak dira.
Bi partida horien aurretik, goizez, haurren txapelketako azken partidak eta finalak jokatuko dira, 10:00etan hasita.
Bi txapelketak Legazpiko Gazteak kirol klubak antolatu ditu.
Profesionalen partidak
Bezperan, maiatzaren 3an, profesional mailako pilotarien partidak izango dira Urbeltzen, 17:30ean hasita. Lehenik, Bakaikoa-Lizeaga eta Alberdi II-Iztueta neurtuko dira, eta partida nagusian, Jaka-Imaz eta Peña II-Mariezkurrena II.
Ohi bezala, sarrerak egunean bertan salduko dira, Urbeltzen, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 17:30etara. Eseritako sarrerak 30 euro balio du, eta 20 euro zutikakoak. Erosle bakoitzak gehienez bost sarrera eskuratu ahalko ditu.
Hala ere, sarreren erdiak, internetez jarriko dira salgai www.entradasfronton.com webgunean, eta 688 668 673 telefonoan pilotalekuko ezkerraldeko eserlekuak erreserbatu ahal izango dira.