Gurrutxaga tabernak bideo batekin ospatu ditu 63 urteak
Atzoko egunez, duela 63 urte ireki zuten taberna Migel Gurrutxaga eta Begoña Lonbide senar-emazteek. Gaur, haien alaba Jaioneren eskuetan jarraitzen du negozioak.
Legazpiko Kale Nagusian dagoen Gurrutxaga tabernak 63 urte bete ditu, eta urte horien guztien errepasoa egiten duen bideo batekin ospatu du urteurrena. Bideoan aspaldiko eta gaurko irudi ugari bildu dituzte, eta falta direnak ere gogoratu dituzte bertan.
Santikutz jaien atarian, 1961eko apirilaren 29ko 19:00etan inauguratu zuten Gurrutxaga taberna Migel Gurrutxaga eta Begoña Lonbide senar-emazteek, eta gaur egun haien alaba Jaioneren eskuetan jarraitzen du martxan negozioak, gaurko garaietara egokituta eta inoiz baino biziago. Familiak eta langileek eta lagunek igandean ospatu zuten tabernaren urteurrena.
Gurrutxaga zabaldu zen egunean bertan, ordu betera eta 20 metro eskasera, Caribe taberna ere ireki zuten. Horrek hainbat jabe eta moldaketa izan ditu orduz geroztik, eta gaur, bitan banatuta dago: Kale Nagusira ematen duen Karibe Berri eta Nafarroa kalera ematen duen Karibe.