Ordiziari irabazita, gertuago du igoera Laubide Jatetxea taldeak
Eskubaloiko bigarren maila nazionalera igotzeko fasea jokatzen ari da Legazpiko La Salle klubeko talde seniorra, eta asteburuan du hurrengo hitzordua, Bilbon.
Trapalata txarangaren doinuek eta harmailetan bildutako zaletuen animo oihu zaratatsuek lagunduta, Laubide Jatetxea talde seniorrak urrats bat gehiago egin zuen larunbat arratsaldean eskubaloiko bigarren mailara igotzeko. Legazpiarrek 26-17 irabazi zioten Ordiziari, Bikuña kiroldegian jokatutako partidan.
Igoera faseko landa hau gaindituta, larunbat honetan dute hurrengo hitzordua, Bilbon, Loiola taldearen aurka.
Manoli Mugerzak gidatutako mutilek liga erregularrean hirugarren postuan sailkatutako Ordizia izan zuten aurkari joan den larunbatean. Partidan xehetasun guztian zainduko beharko zirela argi zuten legazpiarrek, baina bisitariek erritmo askorik gabeko jokoa plazaratu zuten, batez ere etxekoen erritmo bizita ondo ezagutzen zutelako. Hala ere, ordiziarrak hasi ziren aurretik jartzen hasieran, golak markatzen asmatu zutelako eta Laubide Jatetxekoak urduri samar atera zirelako kantxara. Gero, erasoan eta defentsan indarra jartzen hasi ziren legazpiarrek, baina ez zuten lortu Ordiziari aurre hartzea, eta atsedenera 10-11ko emaitzarekin iritsi ziren.
Atseden horren ondoren gauzak aldatu ziren, eta legazpiarrak aurretik jarri ziren jokoan eta goletan, partida irauliko zuen 9-1eko partzial bat lortuta 40. minutuan. Koldo Aranaren eta Jon Sanmigelen jokoari eta golei esker, azkenik 26-17ko garaipena lortu zuen Laubide Jatetxeak, eta emaitza horrekin igoerara hurbilago du orain.