Legazpi Musika Bandako kideak Rockalean taldearekin igoko dira taulatura
Gaur, 20:00etan izango da kontzertua, plazan. 1980ko hamarkadako abesti ezagunak interpretatuko dituzte, elkarlanean.
Iazko Santikutz jaietan Sorotan Bele taldearekin elkarlanean eskainitako ikuskizunaren ondoren, aurten beste talde bat aukeratu du Legazpi Musika Bandak jaietako kontzertua egiteko: Rockalean. Kontzertua gaur 20:00etan izango da, plazan.
Rockalean ezaguna da Legazpin, hainbat Santikutzetan izan delako jotzen, kalean. Errenteria inguruko bost musikariz osatuta dago taldea, eta rock eta pop estiloko kantu ezagunak interpretatzen ditu, kalejirak eginez.
Taldekideen artean ‘Pirata’ dago, Jesus Castillejo bandako zuzendariaren laguna, eta horren bitartez egin dute kontaktua eta ondorengo elkarlana. Castillejok azaldu duenez, Piratak antzeko proiektu batean parte hartu zuen lehenago Errenterian, eta haren antzekoa Legazpin egitea pentsatu zuten, batez ere iaz Sorotoan Belerekin egindako lanak izan zuen arrakastaren ondoren, eta “bandako kideak ere prest agertu direlako”.
Oraingoan, beraz, Rockalean taldea beste formatu batean arituko da, taulatu gainean, estilo guztietara moldatzen ondo dakiten herriko musika bandako kideekin. “Era askotako abestiak interpretatutako ditugu, oso ezagunak guztiak, eta Rockalean taldekoek abestu ere egingo dute”, zehaztu du Castillejok: “AC DC, Europe, Ken Zazpi, Leño, Loquillo, Nino Bravo… 1980ko hamarkadako abestiak izango dira”.