Laubide Jatetxeak gauzatu du bigarren maila nazionalera igoera
La Salle eskubaloi klubeko senior mutilek larunbatean amaitu zuten igoera fasea, partida guztiak irabazita eta maila igoera lortuta.
Eskubaloiko bigarren maila nazionalean jokatuko du hurrengo denboraldian La Salle klubeko Laubide Jatetxea senior taldeak. Gipuzkoako txapelketa irabazi eta gero, sei partidaz osaturiko igoera fasea jokatu behar izan du Legazpiko mutilen taldeak, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko txapeldunekin eta txapeldunordeekin, eta legazpiarrek bosgarrenarekin ziurtatu zuten igoera.
Azken partida larunbatean jokatu zuten Bikuñan, Gasteizko Iparcom Gure Auzune taldearen aurka, eta 27-18 irabazi zioten.
Aurreko astean igoera lortu ondoren Santikutz jaietan ospatzeko aukerarik izan bazuten ere, azken partidaren ondoren izan dira ospakizun handienak, eta jokalariek Manolo Mugerza entrenatzaileari eskainitako kamiseta jantzi zuten okasiorako, Monoloneta leloa idatzita zuena. Kamiseta hori salgai jarri du klubak 18 euroan.