Lehiaketa egin dute Legazpiko merkatariek Txillidaren irudiekin eta hitz galduekin
Eskultorearen argazkiak jarri dituzte ikusgai 25 erakusleihotan, eta horietan dauden hitzekin esaldi bat osatu behar dute herritarrek lehiaketan parte hartzeko. Herrian gastatzeko 50 euroko sei erosketa txartel zozkatuko ditu udalak.
Txillidaren hitz galduen bila erakusketa eta lehiaketa jarri dute martxan gaur Legazpin Ilinti merkatari elkarteak, Lenbur Fundazioak eta udalak, eta 50 euroko sei erosketa txartel irabazteko aukera emango diete legazpiarrei. Eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatutako egitarauaren barruan kokatzen da lehiaketa.
Ilintiko 25 bazkideren erakusleihoetan Txillidaren irudiak jarri dituzte ikusgai, eta hainbat hitz ezkutatu ere bai. Hitz horiek bildu eta esaldi bat osatu behar da. Gaur hasi eta hilaren 26ra arteko epea dago horretarako.
Lehiaketan parte hartzeko kartilla bat eskuratu behar da kanpainara atxiki diren komertzioetan, eta Txillidaren esaldia osatzen duten hitz galduak aurkitu eta horiekin bete egin behar da, hitz bakoitza zein dendatan aurkitu den adierazita. Guztira 25 hitz daude, lehiaketan parte hartzen ari den denda bakoitzeko bana, baina esaldia hamabost hitzekin bakarrik osatu behar da. Kartilla udaletxean entregatu behar da hilaren 28ko 15:00ak baino lehen.
Esaldia ondo osatzen dutenen artean, herrian gastatzeko 50 euroko sei erosketa txartel zozkatuko ditu udalak.
Txillida, 100 urte
Legazpiko Udalak eta Lenbur Fundazioak ekitaldi sorta antolatu dute herriko hainbat eragilerekin batera, Txillidaren jaiotaaren mendeurrena ospatzeko. Aurtengo martxotik hurrengo urteko martxora luzatuko da egitaraua.
Orain arte, Luis Txillidaren hitzaldia eta Haizearen Orraziari buruzko dokumentalaren proiekzioa egin dituzte.