Ernai gazte erakundeak gaur Bilbon egin duen agerraldian salatu duenez, Ernai “ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen” saiatzen ari dira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ia 300.000 euro eskatzen baitizkie isunetan, mozal legea aplikatuta. 133 gaztek jaso dute isuna, tartean daude Goierriko hiru gazte (bik 1.500 euroko isuna jaso dute eta batek 2.500 eurokoa). Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen kontrako espetxeratze agindua salatzeko, Ernaik bi protesta egin zituen Bilbon eta Gasteizen 2023ko irailaren 22an. Orduan, 133 gazte identifikatu zituzten. Orain, 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak iritsi zaizkie gazte horiei: guztira, 290.500 euro.
Ernaik «erantzun kolektiboa emateko» eta «ez uzkurtzeko» hautua egin du gazte erakundeak, eta iragarri du auzitara jo eta helegitea aurkeztuko duela erabakiaren kontra administrazioarekiko auzietako epaitegian, nahiz eta jakin prozesuak «Ernairen ohiko jardunbidea oztopatuko» duela eta «zama» ekarriko diela. Kanpaina ekonomiko bat ere jarriko dute abian: «elkartasun zozketak» egingo dituzte, eta dirua biltzeari ekingo diote: «Burumakur eta apal nahi gaituzte, baina horren aurrean antolatzen jarraituko dugu».
Elkartasun kanpaina bat jarriko dute du martxan, “prozesuak ekarriko duen zama” arintzeko. “Eraso ekonomikoari aurre egiteko” laguntza emateko kontu korrontea ireki dute: ES14 3035 0108 011080050918. (Dohaintza kontzeptua jarrita).