Emaneurre Euskarari Eguna antolatzeko bilera irekia, hilaren 13an
"Beste bultzada bat eman" nahi diote irailaren 7an antolatuko duten Euskararen egunari, "jai herrikoien alde, parte hartzearen alde eta euskararen alde". Ostegunean, 19:30ean frontoian jarri dute hitzordua.
Emanaurre Euskarari eguna irailaren 7an izango da aurten, “kirol parte hartzaile eta herrikoiak bultzatuz, euskal kulturaren alde eginez eta euskararen aldeko aldarria luzatuz”. Antolatzaileek “beste bultzada” bat eman nahi diote aurten, “jai herrikoien alde, parte hartzearen alde eta euskararen alde. Proposamen, ideia, eta indar berriak behar ditugu, etorkizunean indartsu jarrai dezan egun honek…”. Beraz, bilera irekia antolatu du Emaneurrek ostegunean, hilaren 13an, 19:30ean, pilotalekuan. “Bilera irekira gonbidatu nahi zaituztegu, norbanako bezala, talde, elkarte edo kuadrilla bezala bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu…!”.
Euskal Jaietako “hutsunea” betetzeko
13 urte pasa dira dagoeneko Emaneurre taldea Emaneurre Euskarari eguna antolatzen hasi zela, eta “zorionez Euskal Jaietako egunik kuttunenetarikoa bilakatu da, guretzat bai behintzat”.
Emaneurrek gogoratu duenez, “Ordiziako Euskal Jaietan hutsune bat ikusten genuelako hasi ginen antolatzen egun hau. Euskal Jaietan herritarron eta gazteon parte-hartze falta zela sumatzen genuen, bertako gazta, barazki eta produktuen erakustoki soila izatetik, ordiziarrok protagonista bilakatuko gintuen euskal jaiak nahi genituen. Jai herrikoi eta parte-hartzaileak. Horregatik ekin genion egun hau antolatzeari”.
Urte hauetan guztietan egun horrek bilakaera izan du. “Zoriontzekoa eta poztekoa urtetik urtera emakumezkoen parte hartzeak izan duen igoera. Kuadrilla ezberdinen eta anitzen elkargune ere bilakatu da eta inklusiora bidean kolektibo ezberdinen parte hartzea ere ahalbidetu du egun honek. 300 lagun elkartu ginen iaz bazkaltzen”.