Etxean egindakoak balio erantsia izaten du
Iratzarri elkarteak antolatuta, xaboia etxean nola egin erakusten ari da Nerea Anduaga.
Legazpiko Iratzarri emakumeen elkarteak egindako azken deialdiak arrakasta itzela izan du. Arropa garbitzeko eta gorputzerako xaboiak egiteko ikastaroa antolatu du, eta plaza guztiak di-da batan bete dira. Nerea Anduaga da irakaslea, eta etxean norberak egindako produktuen aldekoa da, «balio erantsia dute».
Zumarragan aspaldi bizi bada ere, Legazpikoa da Anduaga, eta duela urte batzuk itzuli zen herrira Iratzarriren dantza ikastaroen bidez. Elkarteko zuzendaritzako kideek etxean xaboia egiten zuela jakin zutenean, ikastaroa emateko gonbita luzatu zioten, eta baiezkoa esan zuen.
«Gure belaunaldian ohikoa da etxean tomatea, piperra edo hegaluzea potetan sartzea. Nik etxean ezagutu dut, eta oraindik egiten dut». Kultura bat dela dio. Anduagak Delfina amaginarrebarekin egiten zituen lan horiek, eta orain Jose Mari senarra izaten du lagun. Biak batera hasi ziren xaboia egiten ere, «endredatzea gustatzen zaigu!». Garaje handi bat dute, eta han egokitu dute lan horietarako txokoa.
Arroparentzako xaboi puskekin hasi ziren, «garbitzeko onena da, orban guztiak kentzen ditu». Erraz eta azkar egin daitekeela azaldu du. Erabilitako olioa, denda askotan erosi daitekeen soda kaustikoa eta ura besterik ez ditu behar: «hiru litro olio, beste hiru litro ur eta kilo erdi soda nahastu 40 bat minutuz, gogortzen hasten denean molde batean utzi lehortzen hiru-lau egun, gero puskatan moztu, eta ilunpetan hilabete bat gorde eta gero, prest dago erabiltzeko». Xaboi hori zuzenean arroparekin igurtzi daiteke, ezkatak eginda garbigailuan erabili daiteke, eta urarekin nahastuta, orbanak kentzekoa lortu daiteke.
Gorputzeko xaboirako, glizerina eta aloe vera behar dira. «Glizerina internetez erosten dut, eta aloe vera penkak, fruta dendan». Xaboi mota hau egiteko prozesua errazagoa eta azkarragoa da oraindik: «Glizerina urtu egiten da Maria bainuan, eta aloeri ateratako mamiarekin irabiatu behar da gero. Aloeri mamia kentzeko ur hotzetan eduki behar da hostoa 24 orduz gutxienez. Dena nahastutakoan, koloratzailea eta esentzia usaindunak bota behar zaizkie, eta moldean utzi gutxienez ordu bete. Hortxe duzu xaboia», propietate ugariduna gainera. Glizerina bezala, koloratzaileak eta esentziak ere internetez erosi daitezke, “xaboia egiteko kit ugari daude aukeran, forma askotako molde eta guzti, baina merkeago ateratzea nahi baduzu, elikagaientzako koloratzaileak, edo difusoreentzako esentzia usaindunak erabili ditzakezu, edozein dendatan erosi daitezkeenak”. Moldeetarako ere badu alternatiba merkea,: “madalenak egiteko silikonazko moldeak”. Forma, kolore eta usain askotako xaboia egiten du horrela, “eta glizerina eta aloe dutenez, oso onak gainera azalarentzat”
Xaboia bezala. «etxean gauza on asko» egin daitezkeela dio Anduagak, «merke eta azkar».