Legazpiko Udalak irudi korporatiboa berritu nahi du
Lehiaketa bat jarri du martxan horretarako, eta irailaren 13ra arteko epea izango da proposamenak aurkezteko. Saria 1.000 eurokoa da.
Legazpiko Udalak bere irudi korporatiboa eguneratzeko lehiaketa jarri du martxan. Deialdi honen helburua udalaren logotipo eta irudi korporatibo eguneratu eta moderno bat egitea da, “Legazpiko Udalak irudi publiko bereizia izan dezan beste administrazio, erakunde eta enpresa batzuen, gizarte ingurunearen, komunikabideen eta, oro har, gizarte osoaren aurrean”.
Irudi korporatibo berriak ez du armarri ofiziala ordezkatu nahi. Legazpiko armarriaren lehen ziurtagiri ofiziala 1777koa da, eta 2002an berritu zen. “Armarri honek udala ez ezik, Legazpiko udalerri osoa ordezkatzen jarraituko du. Kontua da egungo garaietara hobeto egokitzen den irudi berri bat eranstea, udalaren nortasuna eta modernizatzeko borondatea indartzeko eta herritarrei eta, oro har, herritar guztiei zerbitzu hobea emateko”.
Lehiaketan adin nagusiko edozein pertsona fisikok edo pertsona juridikok parte hartu ahal izango du, eta gehienez hiru proposamen aurkeztu ahal izango ditu. Irailaren 13ko 15:00ak arteko izango da proposamenak aurkezteko epea.
Sari bakarra egongo da diseinu irabazlearentzat, 1.000 eurokoa.