Legorretan Aldapa Haundiko irteera noranzko bakarrekoa bihurtuko dute
Behin lanak amaituta, ezingo da Itsasondorantz jo. Norabidez aldatzeko, tren geltoki azpiko biribilgunea erabili beharko da aurrerantzean.
Legorretako Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan hasiko dira udalerriko irteeran aldaketak egiteko lanak, “2023an onartutako Mugikortasun Planaren barruan hainbat neurri jaso ziren oinezkoen segurtasuna hobetzeko eta ibilgailuen abiadura moteltzen saiatzeko”.
Lan horietako bat, Aldapa Haundiko irteeran egingo dute, noranzko bakarra jarrita, Tolosa aldera. “Horren ondorioz, behin lanak amaituta, ezingo da Itsasondorantz jo. Norabidez aldatzeko, tren geltoki azpiko biribilgunea erabili beharko da aurrerantzean”. Zebrabide bat egingo dute ere bidegurutzearen parean, “oinezkoei autobus-geltokiranzko sarbidea errazteko”.
Legorretako Udalak “barkamena eskatu nahi du aipatutako lanek sor dezaketen edozein eragozpenengatik”.
Jarraian, lanak amaitutakoan bidegurutzea nola geratuko den ikus daiteke: