Hiru eguneko Garagardo azoka antolatu du Itsasondon Arbelaitz elkarteak
Ostiraletik igandera, 18:00etatik gauerdira, garagardoa dastatu eta saltxitxak eta ukondoa jateko aukera izango da pilotalekuan.
Iazko garagardo azoka Itsasondon.Itsasondoko Udala. Arbelaitz elkarteak hiru eguneko XII. Garagardo azoka antolatu du Itsasondon. Ostiraletik igandera, 18:00etatik 00:00etara bitartean, garagardoa dastatu eta saltxitxak eta ukondoa jateko aukera izango da pilotalekuan.
Garagardoei dagokienean, hamar garagardo mota dastatzeko aukera izango da: La Chouffe blonde, Santa Clara, Pater, Kwak, Piratt, Maredsous brune, St Bernardus Abt, Krombacher radler, Bio blond (glutenik gabea) eta Kronbahcer %0,0. Pitxarrak 2 euro balioko du eta garagardo bakoitzak, 3,50.
Jateko ukondo, saltxitxa, xolomo, postre eta patata frijituen plater solteez gain, 30 euroko menua ere izango da aukeran: ukondoa patata purearekin, bi saltxitxa (mota bakoitzetik bana), 2 postre eta 2 garagardoa. Igandean ez dute afaririk emango.
Starbluesen kontzertua
Ostiralean, 19:00etan, Starblues talde goierritarraren zuzeneko kontzertua izango da. Rock klasikoen moldaketak eta euren abestiekin osatutako errepertorioa dute. «Gure ezaugarri nagusiena, blues musika euskaraz abesten dugula da», dio laukoteak.













