Lekak hasi du denboraldia
Udaberriko azken ferian iritsi da barazki hori, negutegikoa, Gernika piperrarekin batera. Lore koloretsuz beteta dago feria.
Berritasun garrantzitsuekin esan dio agur udaberriari gaur Ordiziako azokak, udak ekarriko dituenei atea irekiz. Lehen lekak iritsi dira, baita Gernika piperrak ere. Gainera, lore koloretsuz gainezka dago feria.
Azken asteetan bezala, tenperaturak ez du gehiegi lagundu, eta garai honetan ohikoa den baino freskoago egin du goiz osoan zehar. Bisitak ere izan dira, Donostiatik iritsitako jubilatu talde bat, eta ohi bezala, postuz postu ibili dira plazan, D’Elikatuz zentroko gidariekin.
Lekak eta Gernika piperra
Leka zapalak dira denboraldia ireki dutenak, negutegikoak, eta geroago etorriko dira aire librekoak, eta horien artean, igitai formakoak, borobilak eta gorriak. Momentuz, zapalak daude bakarrik aukeran ferian, Aramatik Patxi Arizmendik eta Azkoititik Jose Mari Uzinek eramandakoak, kiloa 6,5 eta 7 euro artean.
Bi ekoizle horiek aurkeztu dute gainera eguneko beste berritasuna, Gernika piperra. Horren prezioa 5 euroan jarri dute. Piperren eskaintza zabaltzen ari da pixkanaka, eta geroz eta pipermin gehiago ikusten da, kiloa 12 eta 14 euro artean. Piper berde luzea ere aukeran dago, gozoa, hori 8 euroan.
Lorez gainezka
Bestetik, loreak ere geroz eta ugariagoak dira, eta aukera bikaina dago sortak osatzeko. Esan behar da Aramako loreak direla gainera. Hala, Aiesta Beltza baserriko Jaione Irazustak urteko lehen gladioloak izan ditu salgai goizean, hortentsiekin batera, sorta 4 euroan. Eta Goiko Etxeberri baserriko Maite Zurutuzak lirio laranjak, koloretako kalak, daliak eta astromediak eskaini ditu, sorta 5 euroan.
Lore bizien atalean, Azanza zein Mendizabalen postuak kolorez gainezka daudela esan behar da, oraintxe aukera osoa handia delako. Hala ere, ia astero agertzen da zerbait berria, eta gaur vinca izenekoa iritsi da. Mendizabalek izan du salgai, 2,5 eta 3 euro artean.
Zizak, gutxitzen
Perretxikoen atalean zizen kopurua astetik astera gutxitzen ari dela nabarmendu behar da. Aurtengo denboraldian 410 kilokotan izan du gailurra eskaintzak, eta aste gutxi batzuetara, 90 kilora dago jaitsita. Gaur jarri dute salgai kopuru hori Lasak eta Barcinak, 12 eta 46 euro artean kiloa.
Feriako eskaintza mikologikoa 45 kilo ziza horik (20 euro), 43 kilo onddok (12-32 euro), 5 kilo gorringok (34 euro) eta boilurrek (200 euro) osatu dute.