Ordiziako San Joan auzoko txakur parkeko lanak bukatzear dira
Guztira 1.182 metro koadroko eremua hartuko du, eta bertan, txakurrek ura edateko iturria eta gorotzak jasotzeko 'pipi-can' deritzon zakarrontzia jarriko dituzte.
Bukatzear dira Ordiziako San Joan auzoan egingo duten txakurrentzako parkeko lanak. Guztira 1.182 metro koadroko ko eremua hartuko du, eta bertan, txakurrek ura edateko iturria eta gorotzak jasotzeko pipi-can deritzon zakarrontzia jarriko dituzte. “Ate bikoitza eta txakurrak askatzeko sarrera ere jarriko dira, seguruago irten eta sartu ahal izateko”. Laia kooperatibako Rosa Aurkia eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatea izan dira aurkezpenean.
Ordiziako alkatearen, “ekipamendua, txakurrak aske ibiltzeko pentsatuta dago, baina beti ere, oinarrizko arauak errespetatu behar dira. Jabeek haien animaliak zaindu behar dituzte; erasokor agertzen badira, lotu eta eremutik atera egin behar dira; txakur ‘arriskutsu’ deritzanak muturrekoa jarrita ibili behar dira; puntadun lepokorik ezin da erabili eta ezin dira eremuan sartu otzal dauden txakur-emeak eta hamabi urtez azpiko neska-mutilak. Nagusi bakoitzak bere txakurraren gorotza jaso behar du, horretarako poltsak eta zakarrontzia daude. Aholku hauek kartel batean erakutsiko dira parkean bertan”.
Ordizian egiten den mota honetako bigarren eremua da San Joan auzokoa (lehenengoa Upabiko eremuan dago). “Aurrekoa bezala, herritarrek egindako eskaerari emandako erantzuna izan da proiektua”.