Igandean eta astelehenean ospatuko dira Telleriarteko jaiak, aurten txirrindulari proba eta guzti
San Joan inguruan ospatzen dira urtero festak Legazpiko auzo honetan. Bertan amaituko da Gipuzkoako Junior Itzulia, astelehen arratsaldean.
Aurtengo San Joan jaiak igandean eta astelehen ospatuko dituzte Telleriarte n, aspaldiko partez txirrindulari proba eta guzti. Astean zehar ibili dira ohiko San Joan makila altxatzen eta Harrizabala plazan karpa jartzen, eta eguraldi onaren esperoan, festarako prest dago Legazpiko auzo honetan.
Jaiak ohiko ekitaldiz osatuta daude, baina aurten badituzte bi berritasun. Alde batetik, aspaldiko belar lanen erakusketa bizia egingo dute igande goizean auzotarren, Burdinola elkartearen ekimenez, eta astelehenean, txirrindulari proba bat izango da auzoan.
Belar lanen erakustaldia 10:00etan hasiko da zelaian, eta jarraipena izango du gero eguerdi aldera Uztarri elkartearen ondoan, belar meta eginez eta sega pikatuz, besteak beste.
Gipuzkoako Junior Itzulia
Astelehen arratsaldean, txirrindularitzarako tartea hartuko du auzoak, Juniorren Gipuzkoako Itzuliaren laugarren eta azken etapa bertan amaituko delako. Legazpiko Kale Nagusitik abiatuko da 16:00etan, eta Telleriarten amaituko da, garai bateko ziklo kros probak bezala, Agerre baserriaren parean, 17:50 inguruan. Bitan pasako da pelotoia auzotik, eta bietan San Joango estratatik gora igoko da. Errepidea itxita egongo da 17:30etik txirrindulari guztiak helmugaratu arte. Sari banaketa Harrizabalako karpan egingo da.
Itzulirako 179 txirrindulari daude izena emanda, eta tartean dira Ekain Lizeaga eta Urko Izagirre legazpiarrak.
Federazioak udalari egindako proposamena da azken etapa Legazpin amaitzea, eta Telleriarteko Txirrindulari elkartearen laguntza izan dute antolaketan. Elkartea egun horretarako boluntario bila dabil, bereziki bidegurutzeak egiteko; elkarteko kideren bati jakinaraztea besterik ez da egin behar. Telleriarteko Txirrindulariek probaren azken kilometroen bideoa argitaratu dute:
TELLERIARTEKO SAN JOAN JAIAK
EGITARAUA
Igandea, hilak 23
10:00 Goiz eresia Legazpiko Goiz Deia txistulariekin
10:00 Belar lanen erakustea lehengo erara
13:00 Triki poteoa Iosu eta Furrielarekin
14:30 Auzo bazkaria
Bazkalondoan ‘Dultzemeneoa’ aspertu arte Iosu eta Furrielarekin
Astelehena, hilak 24, San Joan eguna
12:00 Meza nagusia eta lore bedeinkapena San Juan ermitan
13:00 Luntx herrikoia plazan
16:00-17:50 Gipuzkoako Junior Txirrindularien Itzulia. Azken etapa eta sari banaketa