Dendak kalera atera dituzte Legazpiko merkatariek
Iluntzera arte egongo dira irekita Kale Nagusian jarritako postuak. Haurrentzako ekintzak, dantza eta musika saioak eta zozketak egingo dira arratsaldean zehar.
Ilinti merkatari elkarteak antolatutako Dendak Kalera azokak ordu batzuk ditu oraindik aurretik, iluntzean opari zozketen ekitaldiarekin amaitzeko. Herriko merkatariek postuak jarri dituzte Kale Nagusian, eta arratsalde osoan zehar izango dituzte zabalik.
Aurten, Algar, Aranzazu optika, Cristina, Eder lentzeria, Laubide belar denda, Ibargutxi kirolak, Korosti kafea, Kukas, Lanbroa Bi, Maitia, Mimaru, Oskarbi optika eta Urcelay oinetakoak ari dira parte hartzen azoka berezi honetan. Horiez gain, Mari Romero, Lara Odriozola eta Nagore Belastegi idazleek postua jarri dute, baita Hotz Legazpi eta Bakuntza elkarteek ere.
Ekitaldi batzuk ere izango dira, kaleko giroa alaitzeko. Hala, 16:00etatik 18:00etara haurrentzako puzgarriak izango dira, eta 18:00etan, Bakuntza dantza taldearen emanaldia. Horiez gain, 18:00etatik aurrera Loak eta Akerren Seinale musika taldeen emanaldiak izango dira, Hotz Legazpi elkarteak tortilla pintxo solidarioak salduko ditu, eta egunari amaiera emateko, 20:00etan, udako tonbolaren sariak zozkatuko dituzte.