Jesus Santurde sozialistak utzi egin du zinegotzi kargua Legazpiko Udalean
Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko, Nazioarteko Lankidetzako eta Haur, Nerabe eta Gazteriako zinegotzia zen. Nerea Lopez de Herediak ordezkatuko du.
Jesus Santurde sozialistak zinegotzi kargua utzi du Legazpiko Udalean, eta Nerea Lopez de Herediak ordezkatuko du Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko, Nazioarteko Lankidetzako eta Haur, Nerabe eta Gazteriako sailen arduran. Legazpiko sozialistek eskerrak eman dizkiote Santurderi “egindako lanagatik eta profesionaltasunagatik” eta “konfiantza osoa” jarri dute Lopez de Herediarengan, “duen esperientzia eta jakinduria baliatuz, herriko bizilagunen mesedean lanean jarraitzeko”.
Lopez de Herediak 46 urte ditu, eta “ilusioarekin” heldu dio karguari, “Legazpiko udalean sozialistak jorratzen ari diren bidearekin jarraitzeko”. Nazioarteko Komertzioan eta Kudeaketa Komertzialean eta Marketinean goi mailako teknikaria da, eta 15 urteko lan esperientzia du alor horretan.
Sozialistak ziur daude Lopez de Herediak “bere esperientzia, konpromisoa eta jakinduria” jarriko duela udalaren gizarte, berdintasun, kooperazio eta haurtzaro, nerabezaro eta gazteriaren alorreko arduren zerbitzura, “herritar guztien eta udalerri osoaren mesederako kudeaketa bat egiteko, beti ere PSE-EE ordezkatzen duten balioak defendatuz”.
Santurderi esker ona
Aldi berean, Legazpiko sozialistek eskerrak luzatu dizkiote zinegotzi kargua utzi duen Santurderi: “Bere dedikazioa eta konpromisoa ezinbestekoak izan dira, herrian eragin positiboa izan duten ekimen eta proiektu garrantzitsuak bultzatzeko. Bere lana eta profesionaltasuna eskertzen dugu. Egin duen ekarpena Legazpirako legatu iraunkor gisa geratuko da”.
Bestetik, gobernu taldean sartu zirenean hartu zuten konpromisoa berretsi dute, “gure bizilagun guztiak ordezkatuko ditugu, eta egunetik egunera lan egingo dugu Legazpi udalerri solidarioa eta plurala lortzeko, herritar guztiek aukera berdinak izango dituzten udalerri baten alde, hain zuzen”.