Merkealdietako kale azoka egingo dute ostiralean eta larunbatean Ordizian
Bi egunetan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, salgaiak aterako dituzte saltoki aurreetara.
Ordizian Elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin, Merkealditako kale azoka antolatuko du, herriko merkataritza-sustapena sustatzeko helburuarekin. Ostiralean eta larunbatean egingo dute, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Gizonezkoen, emakumezkoen, eta haur eta gazteen moda, osagarriak, oinetakoak, lentzeria, mertzeria, lurringintza, estetika, arropa eta kirol produktuak eta loreak saltzen dituzten hamasei saltokik hartuko dute parte, denak beraien saltokien aurrealdean. “Prezio merkeak dituzten produktu eta zerbitzu onak eskuratzeko aukera interesgarria”.
Parte hartuko duten saltokiak ondorengoak dira: Arantxa mertzeria eta lentzeria, Biñaspre lurrun-denda, Gofi Berri haur eta gazteen moda, Irurena mertzeria eta lentzeria, Kixmi moda eta osagarriak, Lua emakumezkoen moda, Mirentxu haur eta gazteen moda, Muguet loradenda, Ness by Esti García emakumezkoen moda, Oskarbi oinetakoak, Palomo gizon eta emakumezkoen moda, Porfirio Fernandez gizonezkoen moda, Serendipity emakumezkoen moda, Vicuña Confeccion gizon eta emakumezkoen moda, Vicuña Sport kirol moda eta osagarriak eta Uriba gizonezkoen moda.
Zozketa
Erosketak egiten dituztenen artean 50 euroko hiru erosketa-bale zozkatuko ditu Ordizianek. “Gainera, parte hartzen duten saltokietan bi egun horietan erosketak egiten dituzten pertsonek beren izenarekin eta telefono-zenbakiarekin osatu beharreko txartelak jasoko dituzte, ondoren Santa Maria kalea 21ean dagoen Ordiziako Merkataritza Bulegoko postontzian uzteko eta horrela uztailaren 2an, asteartea, egingo den 50 €-ko hiru erosketa-baleren zozketan parte hartzeko”.