V. Xendapelak mendi bizikleta martxa antolatu dute Legorretan
Larunbatean 09:00etan abiatuko dira txirrindulariak. Hiru ibilbide egokitu dituzte. Ostiralean haurrentzako ginkana antolatu dute.
Mendi bizikleta zaleek Legorretan dute hitzordua larunbatean, 09:00etatik aurrera. Pikuk Kirol Kluba Legorretako amateur kirol taldeak V. Xendapedalak mendiko bizikleta martxa antolatu du. Hiru ibilbide egokitu dituzte Legorretako mendietan barrena.
Urtero ibilbide berriak egokitzen dituzte, eta aurten, Tolosako Lanbide Heziketako kiroletako moduluko ikasleei jarri die ibilbidea proposatzeko erronka. Ondorioa, V. Xendapedalak BTT martxako hiru ibilbideak dira, antolatzaileek txukun-txukun jarritakoak.
Hiru ibilbide
Ibilbiderik motzenak ia 25 kilometro izango dira (700 metroko desnibel metatua), ertainak ia 28 (900 metroko desnibel metatua) eta luzeenak ia 35 (1.300 metroko desnibel metatua).
Hiru martxetako txirrindulariak ordu berean, 09:00etan, aterako dira Legorretako plazatik. Ohi bezala, herri barruan egiten den zatian haurrak joango dira martxaren buruan.
Izena oraindik eman daiteke Kirolprobak.com webgunean (bezperara arte), edo egunean bertan Legorretako plazan, bizikleta hasi baino lehenago.
Haurrentzako ginkana
Beste berrikuntza bat ere izango da aurten. Martxaren aurreko egunean, ostiralean, ginkana antolatu baitute 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. 17:00etan hasiko da, Legorretako plazan. Izena emateko aukera 16:30etik aurrera irekiko dute. Bizikleta eta kaskoa beharrezkoak izango dira ginkanan parte hartu ahal izateko. Ginkana bukatutakoan, askaria egingo dute guztiek elkarrekin.