Henry Spencer handiaren doinuak, Ordiziako Goierriko Jazzaldian
Ordizian jazz musika izango da bihartik larunbatera bitartean. Zortzi kontzertu antolatu dituzte Ordiziako Plaza Nagusian eta inguruan. Euskal Herriko eta atzerriko musikarien doinuak entzun ahal izango dira.
Jazzaren plaza izango da Ordizia bihar hasi eta larunbatera bitartean, 11. Goierriko Jazzaldiari esker. Iaz hamargarren urtea bete ondoren, aurten ere «indartsu» dator, antolatzaileen hitzetan. «Goierriko Jazzaldia erabat egonkortu zaigun jazzaldi batean bilakatu zaigu duela urte batzuetatik hona eta dagoeneko, aurkezpen beharrik ez du jazz musikarien artean, ekitaldiak gure herri eta bailararen mugetatik kanpo ere sona lortu baitu».
Aurten arte Goierriko Jazzaldia Araman eta Ordizian antolatu izan badute ere, aurtengoa «bere osotasunean» Ordizian izango da. Goi mailako musikariak izango dira hiru egunetan Ordizian. «Goierriko Jazzaldian parte hartu duten musikarien zerrenda orain arte eginiko lana eta ibilbidea arrakastatsua izan dela erakustera datorkigu. Benetan egitarau interesgarria proposatzen dugu berriro ere, denen gozamenerako izango diren kontzertuak eskainiz». Jaialdian izandako musikarien artean ondorengoak nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek: Hasier Oleaga, Afrika Bibang, Iñaki Salvador, David Pastor, Rachel Terrien, Jessica Pina, Eva Fernandez, Juan de Diego, Victor de Diego, Llibert Fortuny, Alberto Arteta, Maria Yfeu, Valmuz, Raven, Trizak, Angel Unzu, The Machetazo, Buffalo, Funky Steps and the Sey Sisters, Juan Ortiz, eta abar luze bat.
Henry Spencer
Eta nola ez, Henry Spencer tronpeta jotzailea eta konposatzailea. «Erresuma Batuko jazz eszenako talentu handienetakoa da, eta aitortza maila altua lortzen ari da. Entzun Spencer-en jenialtasuna», diote adituek. Sari ugari jasoa da. «Henry Spencer bere taldearekin nazioarte mailako birak egina da, eta aurten, Goierriko Jazzaldian bere lan berria, The Defector izenekoa, aurkeztera etorriko zaigu. Izen handi bat gure jazzaldian!».
New Yorken Dave Darlington Grammy saridunarekin lanean aritu ondoren, bere albuma UK/AEBko Whirlwind Recordins diskoetxearekin argitaratu du. «Lan horrek, aurreko bere lan guztiek bezala, kritika oso onak jaso ditu».
Goierriko Jazzaldiko antolatzaileek nabarmendu dutenez, «une goxoa eta intimista eskaintzen du Henry-k eta bere taldeak kontzertuan, emozionalki gidatutako melodia lirikoarekin, musika instrumentala ez ezik, ahots bat kantari ariko balitz bezala».
- Egitaraua:
-
- Bihar
- 22:00: Geraldine. Udaletxeko arkupeetan. Taldekideak: Geraldine (ahotsa) eta Ricardo Urrutia (gitarra).
- Ostirala
- 19:00: Lipe Court Band. Filipe Bittencourt brasildarra.
- 20:30: Irati Bilbao. Irati Bilbao (ahotsa), Mikel Nuñez (pianoa), Fran Serrano (kontrabaxua), eta Aitor Bravo (bateria).
- 21:30: Burrunbazale txaranga. Kaleetan zehar.
- 20:30: The Wilsons Organ Trio. Fredi Pelaez (pianoa, hammond-a), Iker Piris (gitarra) eta Andy Martin (bateria).
- Larunbata
- 19:00: Ordiziako Musika Eskolako Bosswing Jazz Band.
- 20:30: Motelas. Alberto Bosh (baxua), Iñigo Elena (ahotsa), Txenan Calvo (gitarra), eta Adrian Viñaspre (bateria).
- 23:00: Henry Spencer.
- Bihar