Ehunmilak lasterketaren astebururako Euskalmeten iragarpena
Ostiralerako euria eman du Euskalmetek. Larunbaterako, berriz, hodeitza arindu egingo da. Iganderako, litekeena da zerua garbi izatea. Iragarpen osoa, albistean.
Zerura begira dago Ehunmilak lasterketako komunitate osoa. Eguraldia faktore garrantzitsua baita horrelako proba baterako. Jarraian, Euskalmet Euskal Metereologia Agentziak, ostiraletik iganderako egin duen iragarpena:
IRAGARPEN BEREZIA. ULTRATRAIL EHUNMILAK
- OSTIRALA (2024-07-12)
Egoera orokorra:
Giro fresko eta umela; fronte hotz bat igaroko da eta euria egingo du eta tenperatura maximoak asko jaitsiko dira. Goizean ipar-mendebaldeko haizearekin lainotuta egongo da eta tarteka euri txikia egingo du edo zaparrada txikiren bat botako du. Haizeguneetan haizea biziago ibiliko da. Arratsaldean zehar, aterruneak luzatuz joango dira eta atertzeko joera izango du. Tenperatura maximoak 20 gradu ingurukoak izango dira.
Irteera: 18:00
Arratsaldean euria gero eta tartekatuago egingo du eta atertzeko joera izan arren, baliteke mendi gainetan gehiago kostatzea, hodeitza trinkoagoa izango delako.
18:00 – 00:00
Baliteke oraindik zirimiri apur bat egitea, batez ere mendi gainetan, hodeitza trinkoagoa izango delako. Hodeitza horrek baliteke zona altuetan ikuspena murriztea. Haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da eta haize-boladak mendi gainetan 15-30 kilometro/orduko ingurukoak izan daitezke; egunaren amaieran indarra galduz joango da haizea, aldakor gelditu arte. Tenperatura 1000 metrotik gora 8-9 graduren bueltan koka liteke.
Tenperatura irteeran, 18:00etan (Beasain 160 m): 18-19 gradu. Tenperatura 22:00etan (Zumarraga, 350 m): 15-16 gradu.
- LARUNBATA (2023-07-13)
Egoera orokorra:
Goizean goiz eta goizean zehar oraindik hodei dezente izango ditugu, mendi gainetan lainoa izan dezakegu, baina egunak aurrera egin ahala hodeitza zulatuz joango da eta ostarte politak irekiko dira. Haizea ahul ibiliko da, ipar ukituarekin, eta arratsaldetik aurrera ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperatura maximoak 22-24 gradu artekoak izango dira.
00:00 – 06:00
Goizaldean eta goizean goiz zerua lainotuta egongo da eta mendi gainetan lainoa izan dezakegu. Baliteke hodeitza horrek zertxobait bustitzea. Haizea ahul ibiliko da, ipar ukitu txiki batekin, eta mendi gainetan 10-20 kilometro/orduko abiadurarekin ibiliko da.
Tenperatura Gorlan (667 m): 11-13 gradu.
Tenperatura Madarixan (514 m): 11-13 gradu.
06:00 – 12:00
Hodeitza arinduz joango da, eta erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nahiko saretuta iritsiko dira; tarteka ostarteak irekiko dira. Ipar haizea ibiliko da, ipar- ekialdekoa nagusituz, eta haize-boladak 10-20 kilometro/orduko ingurukoak izango dira mendi gainetan.
Tenperatura Azpeitian (53 m): 15-19 gradu. Tenperatura Zelatunen (842): 12-16 gradu.
12:00 – 18:00
Ostarte politak irekiko dira eta erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin tartekatuko dira. Haizea iparraldetik ibiliko da, ipar-ekialdekoa nagusituz, eta zertxobait bizituko da; haize-ufadak 15-30 km/h ingurukoak izan daiteke haizeguneetan.
Tenperatura Tolosan (88 m): 22-24 gradu
Tenperatura Jazkuen (550 m): 20-22 gradu. Tenperatura Amezketan (195 m): 22-24 gradu
18:00 – 00:00
Erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Ipar-ekialdeko haizea ahulduz joango da, norabide aldakorrekoa gelditu arte.
Tenperatura Txindokin (1179 m): 13-17 gradu. Tenperatura Lizarraustin (621 m): 15-19 gradu.
- IGANDEA (2023-07-09)
Egoera orokorra:
Litekeena da giro argia nagusitzea. Haizea hegotik ibiliko da, mendi gainetan biziago ibiliko da, eta arratsaldean iparraldera aldatuko da. Tenperaturak nabarmen egingo du gora.
00:00 – 06:00
Baliteke bailaretan behe-lainoa sortzea. Mendi gainetan berriz, haize-lekuetan, hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta haize-boladak 20-35 kilometro/orduko ingurukoak izan daitezke.
Tenperatura Etxegaraten (658 m): 11-14 gradu.
06:00 – 12:00
Giro argia, goi-hodei batzuekin. Haizea hegotik ibiliko da, suabe, eta haize-lekuetan biziago ibiliko da; mendi gainetan haize-boladak 20-40 kilometro/orduko artekoak izan daitezke.
Tenperatura San Adrianen (1000 m): 10-16 gradu.
Tenperatura Oazurtzan (741 m): 10-17 gradu.
Tenperatura Goierrin, zona baxuetan (Zerain 328 m- Beasain 160 m): 16-24 gradu
12:00 – 18:00
Hodeiak eta urdin-guneak tartekatuko dira. Haizea iparraldera aldatuz joango da.
Tenperatura Aizkorrin: 18-22 gradu.
Tenperatura Goierrin, zona baxuetan (Zerain 328 m- Beasain 160 m): 25-30 gradu