Ehunmilak ultra-trailean 426 mendi korrikalari
Ehummilak ultra-trailean 426 korrikalari daude izena emanda, iazko ekitaldian baino 46 gutxiago. Gizonezkoak 399 dira (%93), eta emakumezkoak 27 (%7).
Jatorriak. Hamazazpi naziotasun egongo dira mendi lasterketan ordezkatuta. Euskal Herrikoak 196 korrikalari bereiz daitezke (Ipar Euskal Herrikoak Frantziaren barruan kokatu dituzte). Arabarrak 22 (denak gizonezkoak), bizkaitarrak 64 (bi emakume eta 62 gizon), gipuzkoarrak 94 (85 gizonezko eta 9 emakumezko), eta nafarrak 16 (15 gizonezko eta emakumezko bat) dira.
Goierritarrak. Goierriko sei herritako lasterkariak daude izena emanda, guztira 20 goierritar (17 gizonezko eta 3 emakumezko). Beasaingoak dira ugarienak (12), ondoren Ordiziakoak, Ormaiztegikoak eta Urretxukoak (bina), eta Lazkaoko eta Ataungo bana.
Nazioartekoak. Euskal herritarren ondoren, Espainiakoak dira jatorriz ugarienak (100), eta jarraian Herri Katalanetakoak (87, Andorrako bat barne). Alde nabarmen txikiagoz, Frantzia (11), Portugal (8), Galizia (6), Suedia, AEBak eta Peru (3na), Mexiko eta Alemania (2na), eta Irlanda, Austria, Suitza, Polonia eta Reunioneko bana.
Taldeak. Hiru korrikalaridun 16 taldek eman dute izena, tartean beasaindarren bi: Motelak (Ekaitz Lekue ormaiztegiarra, Paulo Ricardo Vieira, Oskar Rodriguez) eta Bealak (Koldo Agirre, Elena Calvillo, Asier Zubeldia).