Festen atarian, manifestazioa egin dute Ordizian
Ordiziako mugimendu feminista kalera atera da gaur, jaien atarian, 'Erne! Erantzuteko prest gaude' oihukatzera.
Ordiziako mugimendu feministak mobilizazioa egin du gaur arratsaldea, ‘Erne! Erantzuteko prest gaude!’ lelopean. Jaien atarian, “denontzat gozagarriak izango diren festen alde, festak lasaitasunez eta askatasunez gozatzearen aldarria atera dute kalera. “Edozein erasoren aurrean, parez pare eta antolatuta aurkituko gaituzue”, ohartarazi dute.
Ondorengo mezua irakurri dute manifestazioaren amaieran:
“Herriko festen atarian, Ordiziako Mugimendu Feministak honako mezua helarazi nahi dugu:
Azkeneko asteotan nabari gelditzen ari da emakumeak arriskuan gaudela, erasotzen eta akatzen gaituztela. Baina kolpatzen gaituen etengabeko indarkeria horren aurrean, argi utzi dugu gure artean antolatuta gaudela eta erantzuteko indarra dugula.
Aldi berean, berretsi nahi dugu, erasoen aurrean erantzuteko ardura ez dela soilik gurea; herritar guztiona da. Izan ere, eraso matxistak ez dira kasu solteak, gizarte estruktura oso batek eusten ditu, eta ezer egiten ez duten guztiek baimentzen dute.
Gainera, gogoratu, erailketa iritsi gabe ere, indarkeria matxistak beste mila forma dituela.
Festek jendartearen ordena erreproduzitzen dute, alegia, egunerokoan gertatzen diren diskriminazio eta zapalkuntza egoerak nabarmendu egiten dira egun horietan. Baina aurrez esan bezala, ezin gara konplize izan eta erasoen aurrean denok dugu erantzuteko betebeharra. Beraz, errespetuz bizi eta jokatzeko hautua egiten ez dutenentzat, mezua garbia da: ez etorri, ez zara ongietorria!
Aurten, Ordiziako Udalak, mugimendu feministarekin elkarlanean, honako baliabide
hauek jarriko ditu martxan:
● Alde batetik, erasoen arretarako telefono espezifiko bat egongo da, Emagin
Elkarteak kudeatuko duena, festek irauten duten egunetarako.
● Bestetik, Indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea jarriko da Arboledan,
uztailaren 25ean eta 27an.
● Horretaz gain, eta urtero bezala, txozna gunean ere erasoei erantzuteko eta balizko erasotzaileak txoznen eremutik kanporatzeko protokoloa adostu da.
Bukatzeko, gure mezua berresten dugu, eta erasotzaileei argi esango diegu: Erne! Edozein erasoren aurrean, parez pare izango gaituzue! Antolatuta eta erantzuteko prest gaude!”.