Bihar World Tourreko sei taldek hartuko dute parte Ordiziako Klasikoan
Gudarien etorbidetik 10:00etan abiatuko dira txirrindulariak. Hemeretzi taldek osatuko dute 101. Klasikoko tropela. Aranburu, Izagirre, Isasa eta Berasategi goierritarrak, tartean.
Txapel Gorri elkarteak antolatutako Ordiziako Klasikoak mende eta ziklo berria estreinatuko ditu aurten, antolakuntza taldean errelebo aldaketa izatearekin batera. Bihar, 08:35ean, Joxe Migel Barandiaran plazan, hemeretzi taldeetako parte hartzaileen aurkezpenak egingo dituzte eta 10:00etan puntuan, abiatuko da World Teameko sei, ProTeam mailako zortzi eta kontinentaleko bost taldez osatutako tropela, 166 kilometroko ibilbidea ahalik eta azkarren osatzeko helburuarekin.
Lehenengo aldiz parte hartuko du Cofidis taldeak. Izenen artean, ondorengoak nabarmendu dituzte antolatzaileek: hiru aldiz Ordiziako Klasikoa irabazi duen Gorka Izagirre ormaiztegiarra (Cofidis), Alex Aranburu ezkiotarra (Movistar), Igor Arrieta (UAE), Team Jaycoko De Marche eta Lottoko Thomas De Gendt. Movistarren ordezkoen artean, Oier Lazkano eta Nairo Quintana daudela aurreratu du Txapel Gorriko Josean Etxezortuk. Xabier Berasategi eta Xabier Isasa goierritarrek ere parte hartuko dute.
Bost itzuli emango dizkiote ohiko ibilbideari eta bost aldiz igoko dute hirugarren mailako Abaltzisketa eta bi aldiz hirugarren mailako Altzo. Hori bai, iaz mendeurrenagatik helmuga Garagartza plazan izan bazen ere, bihar Gudarien etorbidean hasi eta amaituko da.
Ampo Saria
Sari berezi bat ere izango da, Ampo Saria: «Abaltzisketara egiten diren bost igoeretako edozeinetan (portu hasieratik herriko bihurgunera arte) denbora onena lortzen duen txirrindulariak eta iaz Simon Yatesek lortutako denbora gainditzen duenak (5 minutu eta 37 segundo), 1.500 euro jasoko ditu. Derrigorrezkoa da lasterketa amaitzea arauzko denboran eta podiumera agertzea saria jasotzera». Hildako bazkideak omentzen ditu Txapel Gorrik lasterketaren hasieran. Aurten, Luis Mari Perez urretxuarra oroituko dute.
Aurten ere, Akhonmediaren laguntzarekin lasterketa zuzenean ikusteko aukera egongo da, Youtuben, Ordiziakoklasikoa.com webgunean eta 11:00etatik aurrera ETB1en.
Taldeak
Word Tour maila: UAE Team Emirates (UAE), Arkea B&B Hotels (Fra), Astana Qazaqstan Team (Lux), Cofidis (Fra), Movistar Team (EH) eta Team Jayco (Aus).
Pro Team maila: Burgos BH (Esp), Caja Rural-Seguros RGA (EH), Euskatel Euskadi (EH), Kern Phrma (EH), Lotto Dstny (Bel), Q36,5 Pro Cyckling Team (Che), Team Polti Kometa (Ita) eta Total Energies (Fra).
Kontinental maila: Colombia Potencia de la Vida-Strongman (Col), Eurocyclingtripis-Yoeleo (Gum), Illes Balears Cycling (Herrialde Katalanak), Sidi Ali Unlock (Mar) eta Victoria Sport Pro Cycling (Phl).
Pasaera orduak
- Ordizia: 10:00.
- Abaltzisketa: 10:29.
- Ordizia (tarteko helm.): 10:44.
- Abaltzisketa: 11:13.
- Ordizia (tarteko helm.): 11:28.
- Abaltzisketa: 11:57.
- Ordizia (tarteko helm.): 12:12.
- Altzo: 12:33.
- Abaltzisketa: 12:47.
- Ordizia (tarteko helm.): 13:01.
- Altzo: 13:22.
- Abaltzisketa: 13:36.
- Ordizia (helmuga): 13:51