Feria motza, baina emankorra
Ordiziako Jaietako hasiera zeremoniari lekua egiteko, Ordiziako Azoka motzagoa izan da gaur.
Hasi dira Santa Ana jaiak Ordizian, baina aurretik azoka fin egin dute. Astigoxokoek, esaterako, eskaintza berezia izan dute gaurkoa, festen aitzakian. Euskal pastelak eta goxoak izan dituzte salgai, besteak beste.
Judith Garciak, berriz, gazta ondua eskaini du, kiloa 17,5 euroan. Udaberrian esne gehiago izaten dute eta gazta mota hau egiten dute. Esne gordina bi hilabetez ontzen dute eta, ondorioz, ohi baino zapore indartsuagoa du eta ez da hain koipetsua. Beste gaztak esne pasteurizatuarekin egiten ditu: bizpahiru astez ondutakoa, esnegain eta mantekila ukutuarekin (16’5 euro / kiloa), mami biguna izenekoa, oso krematsua (20€), laktikoa, biziagoa (18€), urdina (25€), freskoa (3 euro / terrina), gaztanbera (4 euro / terrina), eta gazta krema (5 euro / terrina). Azken Behieko Gaztak izan ditu salgai.
Eztala Goikoa baserriko Maria Jesus Zurutuzak Santiago udareak eraman ditu azokara. Kiloa 3 euroan saldu du. Santiago madariek haragi zuria dute eta testura ez oso mamitsua; halere, zapore gozoa dute.
Barazkien artean, igitai leka nabarmendu da. Jaione Irazustak eskaini du, Aiesta Beltza baserritik ekarrita. Kiloa 7 eurotan saldu du. Patata gorria ere izan du, kiloa 3 euroan.
Loreen artean, Maite Zurutuzak, Agapantus lorea, zuria, sorta 5 euroan saldu du. Kalak, daliak eta gladioloak ere izan ditu.