Argazkilariek ez dituzte oporrak hartzen
Gorka Gomez legazpiarrak lehen saria irabazi du Ameixa de Carril argazki lehiaketan, Galizian.
Argazkilari gehienek argazki kamerarekin batera igarotzen dituzte oporrak, eta batzuk, sariak irabazteko ere baliatzen dituzte atseden egun horiek. Gorka Gomez legazpiarra da horietako bat, oporrak igarotzen den lurraldean, Galizian, argazki lehiaketa bat irabazi berri duelako. VIlagarcia de Arousa herriko Ameixa de Carril lehiaketaren lehen edizioko irabazlea da Ikatza elkarteko kidea.
Vilagarcia de Arousa herriko arrantzale kofradiak Festa da Ameixaren edo txirlaren festaren inguruan antolatutako lehiaketa da Gomezek irabazi duena. Zuri beltzezko irudi bat da irabazlea, Nieves Silva itsaski biltzaileari egindako erretratua, Vou de camiño izenburukoa. Atzo entregatu zioten saria, Ameixaren festan zehar.
Legazpiarrak beste sari bat ere irabazi du udan, duela hilabete jaso zuen Bizkaiko Sopelako argazki rallyko bigarren saria. Gomez IX. Herriz Herri Euskadiko argazki rallyen txapelketan ari da parte hartzen, eta lehen postua dago sailkatuta. Txapelketa hamalau rallyz osatuta dago, eta horien artean dago Legazpikoa, Ikatza elkarteak antolatutakoa. Aurten irailaren 15ean izango da. Hortik aurrera Ataun, Donostia, Altsasu, Beasain, Tolosa eta Soraluze geratzen zaizkio.
Sopelako rallyan Ikatzako beste bi kidek ere irabazi zuten saria: Mikel Bravo hirugarren izan zen, eta gazteen mailan, Erika Vivaldok bigarren saria eskuratu zuen.