Alex Aranburu, Cofidis taldearekin datozen hiru denboraldietan
Ezkioko txirrindulariaren ibilbide oparoan erreparatu du talde frantzesak fitxaketa egiteko. Aranburu uneko Espainiako txapelduna da. Ion eta Gorka Izagirre ere talde berean daude.
Etapa berriari ekingo dio laster Alex Aranburu Ezkioko txirrindulariak, Movistar Team taldea utzi eta Frantziako Cofidis taldearekin fitxatu duelako datozen hiru denboraldietarako.
Aranburu 2002an iritsi zen Movistarrera, eta talde horren babesean eskuratu du aurten Espainiako txapeldun titulua. Oso denboraldi ona ari da egiten, eta oso pozik heldu dio talde berriari eta erronka berriei.
Hala zabaldu du Cofidis taldearen sare sozialetan: “Oso pozik nago talde honetan sartzearekin, Badakit erronka handia izango dela maila pertsonalean, eta egoera berrira egokitu egin beharko naizela. Baina oso pozik nago Cofidisek nigan erakutsi duen konfiantzarekin, eta nire onena emateko ahalegin guztiak egingo ditut. Aurretik izan ditut erantzukizunak, eta ohore bat da orain berriak izatea. Urtero hobetzeko lan eta lan egiten saiatzen naiz, lasterketa gehiago irabazteko. Horixe izango da orain nire motibazioa egiten dudan lasterketa bakoitzean, klasikoetan zein itzuli handietan, Gainera, lagunak ditut taldean, eta hori zorte handia da”. Hain zuzen, Ormaiztegiko Ion eta Gorka Izagirre anaiak ere talde berean daude.
Cofidisek, bere aldetik, ezkiotarraren iblbide oparoan erreparatu duela adierazi du, eta orain bere unerik onena iritsiko dela zehaztu du. “Taldearen barruan ezinbestekoa izango da garaipenak lortzeko eta etapetako zein egun bakarreko lasterketetan liderra izateko”.