Legazpiko musika taldeen grabazio lanak diruz lagunduko ditu aurten ere udalak
Orain arte 26 lan lagundu dituzte, 2009an hasi zirenetik. Iazko deialdian Loak eta Anker taldeak eta Goiz Deia txistulari banda izan ziren onuradunak.
Legazpiko Udalak kaleratu ditu aurten ere grabazio lanak egin dituzten musika taldeei zuzendutako diru laguntzak, eta urriaren 31n amaituko da eskaerak egiteko epea. Musikariek udalaren webguneko egoitza elektronikoan edo udaletxean bertan egin behar dituzte eskariak.
Diru laguntzen helburua musikari legazpiarrei diskoa argitaratzen laguntzea da, eta kopurua gehienez 1.000 eurokoa izango da. Musikarien abestiek giza eskubideen aldarrikapen unibertsala errespetatuko dute, eta lehentasuna izango dute eskaera lehen aldiz aurkezten dutenek, gazteek osatutako taldeek eta euskaraz sortutako grabazioek.
2009tik, 26 lan
Legazpiko Udala 2009an hasi zen herriko musika ekoizpena bultzatzeko egitasmo honekin, eta ordutik 2023ra arte 21.067,08 euro banatu ditu herriko hamasei musika talderen artean. 26 lan izan dira guztia lagundu dituenak, eta batez besteko diru laguntza CD bakoitzeko 810.27 eurokoa izan da.
Azkeneko deialdian Loak eta Anker taldeek eta Goiz Deia txistulari bandak jaso zuten diru laguntza. One Way, Insanos, Butch, Elbereth, Hartu arte, Yerko Ortiz, D-Pintxos, Doinua Musika Eskolako Big Band, Vancouver, Deaf Squad, Alaitasuna Errondaila, Agurtzane eta Jon Elustondo, Iñaki Gurrutxaga, The Nekrobabies eta John Dealer & the Coconuts izan dira beste onuradun batzuk, horietako batzuk bi aldiz.