Jose Ignacio Asensio diputatua Ederfil Beckerren bisitan
Ekonomia Zirkularrarekin duen "konpromisoari esker", Espainiako Gobernuaren trantsizio berdera bideratutako deskarbonizazio industrialeko PERTEren lehen jarduera-lerrotik 4,5 milioi euro lortu ditu Legorretako Ederfil Becker kooperatibak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu nagusiorde eta Jasangarritasuneko diputatua, Jose Ignacio Asensio, Legorretarako Ederfil Becker enpresan da gaur goizean. Aldundiaren arabera, Gipuzkoako ekonomia zirkularraren arloan lider den konpainietako bat Ederfil Becker. “Bisita hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoako industriaren eraldaketa jasangarria bultzatzeko eta ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen-eredu arduratsuagoak lortzeko aldaketa gidatzen ari diren enpresei laguntzeko egindako apustuaren barruan kokatzen da”.
Instalazioetan ikusteaz gain, sektoreak iraunkortasunaren arloan dituen erronka eta aukerei buruzko iritziak trukatu, eta “bertatik bertara erakutsi dituzte enpresan gauzatzen ari diren proiektu berritzaileak, hala nola material birziklatuen erabilera ekoizpen-prozesuetan eta ingurumen-inpaktua minimizatzen duten teknologien garapena”.
70 urteko ibilbidea
Ederfil Becker 70 urtetik gorako ibilbidea duen Mondragon Korporazioko enpresa kooperatiboa da. “Kalitate handiko eroale elektrikoak fabrikatzen ditu, industria elektrikorako eta elektroteknikorako bobinaketa-aplikazio orokor eta berezietarako. Era berean, jasangarritasun plan integral bat ezarri du, energia eraginkortasunetik hasi eta hondakinak murriztu eta materialak berrerabiltzeraino”.
Ekonomia Zirkularrarekin duen “konpromisoari esker”, Espainiako Gobernuaren trantsizio berdera bideratutako deskarbonizazio industrialeko PERTEren lehen jarduera-lerrotik 4,5 milioi euro lortu ditu konpainiak. “4,5 milioi euro horien bidez, enpresak deskarbonizazio-proiektu bat egin nahi du kobre esmaltatuzko eroalearen balio-kate produktiboan, eta, horretarako, kobrea birziklatzeko planta bat sortu nahi du, kobrezko alanbroi propioa ekoizteko eta Legorretan eta Alegian eroale berriak ekoizteko. Horrela, ez da erosiko meatzaritzako kobrezko alanbroi kopuru baliokidea. Energia berriztagarria ekoizteko eguzki-plaka fotovoltaikoak ere sartu dira proiektuan”.
Asensio diputatuak Ederfil Becker-ek iraunkortasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen Gipuzkoako enpresa gisa duen garrantzia nabarmendu nahi izan du bisitaldian: “Ederfil Becker gure enpresentzat ekonomia zirkularra aukera bideragarria eta errentagarria dela erakusten duen adibide argia da. Iraunkortasun Sailak honelako ekimenak babesten jarraituko du, gure lurraldean aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortuz modu iraunkorrean hazi daitekeela frogatzen dutenak”.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak lurraldeko enpresekin “lankidetzan jarraitzeko konpromisoa berretsi” du, “ekonomiaren deskarbonizazioan aurrera egiteko eta garapen justuagoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa sustatzeko”.