Emakumeen Gipuzkoako Itzuliko bigarren etapa, bihar Ordizian
Itzulia gaur hasiko da Urnietan eta etzi amaitu Elgoibarren. Ordiziako etapa 15:30ean hasiko da Gudarien etorbidetik. Olatz eta Eguzkiñe Romaratezabala eta Arene Perez goierritarrak ariko dira.
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak antolatuta, hirugarren emakumezkoen Gipuzkoako Itzulia gaur hasiko da Andoainen (Gipuzkoa), erlojuz kontrako saioarekin. Bigarren etapa, Ordizia Klasikoa, hasi eta bukatu, Ordizian egingo da. Hirugarren eta azken etapa, berriz, Elgoibarren jokatuko da. 160 bat txirrindulariko tropela ibiliko da asteburuan Gipuzkoako errepideetan.
Junior, 23 urtez azpiko eta elite mailan hamalau taldek hartuko dute parte, eta kadeteetako hamaseik. Tartean izango dira hiru goierritar kadeteen mailako tropelean: Zatika taldeko Olatz eta Eguzkiñe Romaratezabala Cano zumarragarrak, eta Arene Perez Oiarbide mutiloarra.
Hiru etapa
Hiru etapa izango ditu Gipuzkoako Itzuliak. Gaur, 1,8 kilometroko erlojuz kontrako saioa burutuko dute Urnietako kaleetan. Bigarren etapa, berriz, bihar, Ordiziako Gudarien etorbidean hasi eta bukatuko da. 15:30ean junior, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariak abiatuko dira Ikaztegieta aldera. 85,6 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. 3. mailako Altzo eta Abaltzisketa igo beharko dituzte; Ikaztegietan izango dituzte hiru tarteko helmuga. 17:30k pasatxoan helmugaratuko dira lehenengo txirrindulariak.
Kadeteak ere bai
Kadete mailako txirrindulariak 16:50ean abiatuko dira, eta 34 kilometro egin beharko dituzte Ordiziako helmugara iritsi aurretik; tartean, hirugarren mailako Abaltzisketa igo beharko dute. Tarteko helmuga bat izango dute Ikaztegietan. Hego Euskal Herriko taldeak izango dira gehienak, Herrialde Katalanetako eta Frantziako talde banarekin batera. Goierriko Zatika taldeko neskak ere Gipuzkoako Itzulian lehiatuko dira.
Hirugarren eta azken etapa Elgoibarren jokatuko da igandean. Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariek 94 kilometro egin beharko dituzte, junior mailakoek 57,5 km eta kadeteetan 34 km.
Edukiontziak lekuz aldatu
Biharko emakumezkoen txirrindulari lasterketa dela-eta, gaur Gudarien Etorbideko edukiontziak lekuz aldatuko dira Araba kalera. Astelehenean itzuliko dituzte ohiko tokira.
Etapako puntu nagusiak
- 15:30. Irteera neutralizatua.
- 15:33. Irteera ofiziala.
- 15:44. Ikaztegietan, tarteko helmuga.
- 16:24. Ikaztegietan, tarteko helmuga.
- 16:32. Altzo gaina.
- 17:06. Ikaztegietan, tarteko helmuga.
- 17:25. Abaltzisketa gaina.
- 17:41. Helmuga.