Legazpik parte hartuko du igandeko 'Work it out' nazioarteko dantza ikuskizunean
Industria ondarearen garrantzia zabaltzea da ekitaldiaren helburua, eta Mirandaola burdinolan, Txillida Lantokian eta herriko beste hainbat gunetan grabatutako bideo batekin parte hatuko du Legazpik.
Legazpik Work it out nazioarteko dantza ekitaldian parte hartuko du igandean, hilak 8. Hogei bat legazpiarrek bideo bat grabatu dute, ekitaldi horri begira.
Industria Ondarearen Europako Ibilbidea izeneko erakundeak antolatuta, Work it out urtero egiten da 2018tik, industria ondarearen garrantzia zabaltzeko helburuarekin. Europako 15 herrialdetako 3.500 dantzarik baino gehiagok koreografia bera interpretatzen dute, industria-ondare garrantzitsua duten hainbat tokitan. Aurten Legazpik bat egin du, bere partaidetzarekin herriko ondarea munduari erakusteko. Horretarako, bideo bat grabatu dute dantzan Mirandaolako burdinolan, Txillida Lantokian eta herriko beste hainbat gunetan.