Legazpiko kultura elkarteek hasi dute ikasturtea
Marrazketa, egur lanketa, eskulan, puntu eta josteko lan txikien ikastaroak eta buztingintza dira ikasturte berriko eskaintzak. Izena emateko epeak irekita edo irekitzear dituzte. Sustraiak eta Korosti dantza taldeetan ere eman daiteke izena.
Legazpiko kultura ohiko jarduerara itzuli da azken asteetako oporren ondoren. Kultur Etxearen inguruan biltzen diren elkarteek datozen egunetan hasiko dituzte urtero antolatzen dituzten ikastaroak, eta oraindik badago izena emateko aukera hainbatetan. Marrazketa, egur lanketa, eskulan, puntu eta josteko lan txikien ikastaroak eta buztingintza dira ikasturte berriko eskaintzak.
Marrazketa ikastaroa Arkatzak antolatutakoa da, eta haurren klaseak hasita daude; helduenak hurrengo astelehenean hasiko dira. Oraindik tokia dago haurren eta helduen taldeetan, eta matrikula egiteko aukera dago, tokiak bete arte.
Egur lanketa ikastaroa hilaren 23an hasiko da, eta 24 orduko iraupena izango du. Txirbil elkarteak San Ignazioko eskola zaharretan duen lokalean izango dira, astelehenetan, eta aukeratzeko bi ordutegi eskaini dira: 16:00-18:00 edo 18:00-20:00. Izena emateko epea hurrengo astelehenik hilaren 19ra bitartekoa da.
Irulek ere antolatu ditu ikasturte honetan ikastaroak, eta izena emateko epea irekiko du astelehenean, hilaren 27ra arte. Eskulanekin urrian hasiko dira, eta astearte edo ostegunetan 15:30etik 18:00etara izango dira klaseak. Zortzi plaza daude, eta hilean 36 euro ordaindu beharko dira. Puntuan ere zortzi plaza daude eta 36 eurokoa da kuota; urrian hasita, asteazkenetan izango da 17:30etik 19:30era. Amaitzeko, josteko lan txikien ikastaroan sei plaza eskaini dira, eta urritik aurrera emango da, hileko 36 euroko kuotarekin, astearte edo asteazkenetan, 14:30etik 18:30era bitartean aukeratzeko. Ikastaro guztiak Euskaltegiko eraikinaren ganbaran emango dira, eta izena Kultur Etxean eman behar da.
Kultur Etxean eman behar da izena, baita ere, Xalinko elkarteak antolatutako buztingintza ikastarorako, hilaren 12tik 30era. Hastapeneko ikastaroa izango da, eta urriaren 14an hasita, klaseak astelehenetik ostiralera izango dira, 18:30etik 20:30era izango dira. Prezioa 40 eurokoa da, eta hamabi plaza daude.
Dantza ikastaroak
Sustraiak eta Korosti dantza taldeek ere hasi dute ikasturtea, eta izen-emateak irekita dituzte. Sustraiak taldeak 5 urtetik gorako haurrak hartzen ditu, Kultur Etxe ondoko lokalera joanda. Korostin iraila osoan dago izena emateko aukera korostidantzataldea@gmail.com helbidera idatzita, edo 688 852 624 telefono zenbakira deituta.