Legazpiko kaleko pintura lehiaketa hilaren 21ean jokatuko da aurten
Arkatza elkarteak antolatu du berriz ere, Jose Martin Etxeberria izenburupean. Egunean bertan banatuko dira sariak, lehena 500 eurokoa.

Legazpiko Joxe Martin Etxeberria margolaria gogoratzen duen kaleko pintura lehiaketaren edizio berri bat egingo da irailaren 21ean, larunbata, Arkatza elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta. Urtero bezala, edonork parte har dezake, eta lanak kanpoan egin beharko dira, gaia Legazpi eta Legazpiko edozein txoko izanda, eta teknika, librea.
Lehiaketa 09:00etan hasiko da, eta ordu horretarik aurrera partaideek udaletxe aurrealdean aurkeztu beharko dituzte erabiliko dituzten materialak, Arkatza elkarteko antolatzaileek dagokien zigilua jarri diezaieten. Antolaketak Legazpiko plano bat banatuko die partaideei, eta bazkaria ere ordainduko die. Lanak toki berera eraman beharko dira 13:30-14:00 bitartean, eta sinatu gabe aurkeztu norberak eramandako astoan jarrita. Lan guztiak bertan egongo dira ikusgai, 19:00ak arte.
Epaimahaiak 18:00etan emango du jakitera epaia, eta orduan bertan banatuko dituzte sariak. Margolan onenaren egileak 500 euro jasoko ditu, eta beste hiru sari ere emango dituzte: 350 euro bigarrenarentzat, 200 euro hirugarrenarentzat eta 100 euro legazpiarrek bozketa bidez aukeratutako lanarentzat.
Azkargorta, iazko irabazlea
Iazko edizioan parte hartu zuten zazpi margolarien artean, Bergarako Ricardo Azkargortak irabazi zuen 500 euroko lehen saria. Bigarrena, Beasaingo Iban Aranbururentzat izan zen, eta hirugarrena, Lesakako (Nafarroa) Javier Igoarentzat. Herritarren bozka bidez aukeratutako lanaren saria, berriz, Flamarigue iruindarrak jaso zuen.