Ordiziako Euskal Jaien amaierarako, Aftersun jaia eta sagardo festa
Bihar Oiangun kontzertuak izango dira: Ixabe, Yaima Orozco, Ghau eta Sara Zozaya.

Ordiziarrockek udari agur esateko prestatutako Aftersun jaialdia bueltan da. Bihar, Ixabe (13:00), Yaima Orozco (15;00), Ghau (17:00) eta Sara Zozaya (19:00) izango dira Oiangu parkean prestatutako musika gunean. Kontzertutik kontzerturako tartea, Necora disko jartzaileak alaituko du.
Ekintza osagarri gehiago ere antolatu dituzte Oiangu parkean: batetik, 14:00etan eta 16:00etan, anfibioei buruzko hitzaldiak izango dira, eta bestetik, 13:00etatik aurrera eguzki sukaldeak eta sistema fotoboltaikoaren erakusketak. Jan-edana ere izango da aukeran. Kontzertuetan erabiliko den argindar guztia energia fotoboltaiko bidez sortua izango da Ekirock gailua erabilita.
Bestalde, bihar arratsaldean herrigunea izango da festa gunea. 17:00etan, profesionalen pilota partidak izango dira Beti Alai pilotalekuan. Bi partida izango dira: Alberdi II.a-Lizeaga Senar-Elizegiren aurka; eta Laso-Iztueta Artola-Imazen aurka.
Zuhaiztian, berriz, sagardo festa hasiko da 19:00etan. Aburuza, Akarregi, Alorrenea, Altuna, Astarbe, Barkaiztegi, Gurutzeta, Lizeaga, Oiharte, Ordozelai, Petritegi, Satxota, Tximista, Urbitarte, Urdaira, Zabal eta Zelaia sagardoak dastatzeko aukera izango da.
Egunarekin amaitzeko, Janus Lester taldearen kontzertua izango da pilotaleku txikian, 23:00etan.
Lazkao Txiki sariak
Eta Euskal Jaiei amaiera emateko, igandean beste bi ekitaldi izango dira: 12:00etan, 33. Lazkao Txiki bertsopaperen sari banaketa Barrenan, eta 18:30ean frontoi txikian, Oihulari Klown ikuskizuna.