Legazpiko Trikornio txapelketa larunbatean jokatuko da
Eskubaloi, saskibaloi eta futbol norgehiagokek osatuko dute Trikornio. Sorgintxulok antolatzen du, udalaren laguntzarekin. Asteazkenean amaituko da izenak emateko epea.
Sorgintxulo aisialdi taldeak Legazpiko Udaleko Euskara, Gazteria eta Hezkuntza zerbitzuekin batera antolatuta, Trikornio kirol txapelketa larunbatean jokatuko da, hilak 19, Domingo Agirre eskolako kantxan. Asteazkenean, hilak 18, 14:00etan amaituko da izenak emateko epea. Taldeak 7 eta 10 lagun bitartekoak izan beharko dira.
Saskibaloi, eskubaloi eta futbol norgehiagokaz osatuta dago Trikornio txapelketa, eta LHko 5. eta 6. eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta dago. Aurten bi liga jokatuko dira, bata LHko ikasleentzat eta bestea, DBHkoentzat, eta sariak bi ligetako irabazleentzat izango dira. Partaide guztiek opari bat ere jasoko dute.
Partidak 09:00etatik 14:30era jokatuko dira, baina partaideak 08:30erako egon beharko dute Domingo Agirreko kantxan, taldeak antolatzeko. Lagunartean kirola euskaraz praktikatzea da helburua.
Iazko edizioko irabazlea, txapelketako partida guztiak irabazi zituen Gambas al ajillo taldea izan zen, baina Sorgintxulok sari gehiago ere banatu zituen, garaipen gehien lortu zituzten beste bi talderi Mari matrakak eta SD Basajaun.