Eduardo Txillidak Legazpin egindako lanak ezagutzeko aukera, Lenburren azken erakusketan
Atzo inauguratu zuten Txillida Lantokian, udaleko eta Lenburreko ordezkariekin eta eskultorearen seme Luisekin. Urriaren 6ra arte egongo da irekita.
Eduardo Txillidak harreman luzea izan zuen Legazpirekin bere arte ibilbidean. Patrizio Etxeberriak bere lantegiko ateak ireki zizkion 1950eko hamarkadan, eta 2000. urtera arte burdinazko eta altzairuzko makina bat arte lan egin zituen bertan eskultoreak. Haizearen Orrazia entzutetsua izan zen horietako bat, baina askoz ere gehiago ere egin zituen Legazpiko fabrikan, eta mundu osoan zehar daude sakabanatuta gaur egun.
Lenbur Fundazioak Legazpin egindako eskultura horiek non dauden erakutsi nahi izan du, eta erakusketa bat antolatu du helburu horrekin, eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko udalarekin batera antolatu dituen ekitaldi sortaren barruan.
Erakusketak Legazpitik mundura du izenburua, eta Txillida Lantokian dago ikusgai. Atzo arratsaldean inauguratu eta gero, urriaren 6ra arte egongo da irekita, asteburuetan.
Inaugurazio ekitaldian Eric Galvez alkatea, Luis Txillida eskultorearen semea eta Lenbur Fundazioaren lehendakaria eta Olatz Conde Lenburreko teknikaria eta erakusketaren arduraduna izan ziren, besteak beste.
Gune desberdinetan banatuta, eskultoreak Patrizio Etxeberriarekin izan zuen harremana, Legazpin egin zituen eskulturak eta horien gaurko kokapena, Txillidarekin lan egin zuten fabrikako langileen testigantzak, eta hainbat eskulturen maketak daude ikusgai, besteak elementu batzuen artean. Eskultura txikiak, eskultura handiak egiten lan egin zituen Abel Araguzok buztinez egindakoak dira.
LEGAZPITIK MUNDURA
Erakusketaren egutegia
Irailak 20, ostirala: 17:00-19:00
Irailak 21, larunbata: 11:30-13:30/17:00-19:00
Irailak 22, igandea: 11:30-13:30
Irailak 27, ostirala: 17:00-19:00
Irailak 28, larunbata: 11:30-13:30/17:00-19:00
Urriak 6, igandea: 11:30-13:30