Ikasgela astelehenean jarriko da martxan
Zerbitzua erabili nahi duten ikasleek txartela gaurtik eska dezakete. Egunero egongo da zabalik, eta guztira 27 ikaspostu ditu.
Legazpiko Ikasgelak hurrengo astelehenean, hilaren 23an, hasiko du ikasturtea, eta gaurtik egin daiteke zerbitzua erabiltzeko txartelaren eskaera. Udalaren webguneko Egoitza Elektronikoan edo udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan 07:30etik 15:00etara eskatu daiteke txartela. Horretarako, 2024-2025 ikasturteko matrikularen egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Saturnino Telleria kalean, lehengo musika eskolan kokatuta dagoen zerbitzu hau 18 urtetik gorako ikasleei zuzenduta dago. Legazpin erroldatuta egon beharko dute, eta irakaskuntza arautua egiten ari beharko dira, hau da, heziketa zikloren bat edo unibertsitate ikasketak.
Ikasgela astelehenetik ostiralera 08:00etatik 21:00etara egongo da irekita, eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 09:30etik 20:30era.
Pasa den ikasturtean bezala, ikasgela ikasturte osoan zehar erabili daiteke, irailaren 23tik uztailaren 11ra arte, etenik gabe. Hala ere, erabileraren jarraipena egingo du udalak, eta derrigorrezkoa izango da bi hilean behin erabiltzea. Hala egin ezean, txartela itzultzeko eskatuko ahal izango du.
Pasa den ikasturtearen hasieran mahaiak aldatu ziren, eta ikaspostu gehiago eta erosoagoak eskaintzen dira. Guztira 27 ikaspostu ditu Ikasgelak.