Ordiziako plaza erabat itxiko dute astelehenean
Plazako estalpearen egitura eta azpiegiturak zaharberritu, teilatuan eguzki plakak jarri, eta estalki textil mugikorrak jarriko dira. Urte bukaera baino lehen bukatu beharko dituzte lanak. Europako NEXT Generation diru laguntza jaso du proiektuak. Plazako eraikinak 100 urte beteko ditu 2025ean. Asteazkenetik aurrera Garagartza plazan egingo da azoka.
Urte bukaera baino bukatu beharko dituzte Ordiziako Plaza Nagusiko eraikina eraberritzeko lanak, eta astelehenetik aurrera buru-belarri jarriko dira horretan. Abuztuan jarri zituzten lehenengo aldamioak plazaren albo batean eta astelehenean jarriko dituzte gainerakoak. Plazako eraikina itxita geratuko da beraz. Asteazkeneroko azoka, Garagartza plazan eta ondoko aparkalekuan jarriko diren bi karpetan egingo da asteazkenetik aurrera.
Europako Next Generation-etik jasotako diru laguntzari esker, Ordiziako Azoka garai berrietara egokitzeko lanean ari dira Ordizian. Gaur prentsaurrekoan aurkeztu dutena, datorren urtean 100 urte beteko dituen plazako eraikinaren eraberritzeari dagokiona izan da.
Egingo diren lanak
Egingo dituzten lanak ondorengoak dira: egitura eta azpiegiturak eraberritzea (argindar eta soinu ekipazio berriak, besteak beste) estalkiaren iragazgaiztasuna berritu eta gainaldean eguzki plakak jartzea, itxitura textil mugikorrak jartzea.
Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “plazako eraikinak monumentu historiko izendapena du eta lan hauek kontu handiz eta egitura aldatu gabe egin behar dira. Hala, bai zutabeak eta bai sabaia konpondu eta bere onera ekarriko dira, beti ere, jatorrizko estiloa eta egitura mantenduz”.
Sabaian, bestalde, eguzki plakak jarriko dituzte, “energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Plaka horiek sortutako energia, herriguneko eraikin publikoak hornitzeko erabiliko da, hala nola udaletxea, Barrena jauregia, Jakes etxea edota D’Elikatuz zentroa”.
Beste berrikuntza nabarmen bat, “plaza eguralditik babesteko jarriko diren” itxiturak izango dira. “Asteazkenero azokara etortzen diren ekoizleen urte askotako eskaria izan da eta lan hauekin eskari horri erantzuna emango zaio”. Toldo edo itxitura horiek ez dira finkoak izango. “Goiko aldean, toldo tolesgarri moduko batzuk jarriko dira, plaza euritik eta eguzkitik babesteko. Behealdekoek, berriz, haizetik babestu eta itxitura funtzioa egingo dute”.
Ezenarrok nabarmendu duenez, “itxitura mugikor horiek, azoka egunetan erabiliko dira, eta baita, hala estimatzen den ekitaldietan ere”.
Azkenik, plazako azpiegitura ere berrituko da, “argiteria eta sistema elektrikoa eguneratuz, edota soinu ekipamendu berria jarrita. Horrez gain, wifi konexio librea ere jarriko da, azokara edo plazara datozenek doan erabili ahal izateko”.
Diru laguntzak
Ordiziako alkateak adierazi duenez, “merkatuak eraberritzeko NEXT diru laguntzen lerroan 874.122,40 euro lortu dira, 1.092.653 euroko inbertsioak (B.E.Z. barne) gauzatu ahal izateko, eta kopuru osoa estaltzeko %20a udalak jarriko bere baliabideetatik. Diru-laguntza horretatik, 731.762,74€ (B.E.Z. barne) erabiliko dira plaza eraberritzeko”.
Lanak hiru “loteetan” banatu dituzte:
- 1. Lotea: Ordiziako plaza nagusiko eraikin estalia birgaitzea: 424.723,80 euro gehi %21-eko BEZari dagozkion 89.192,00 euro.
- 2. Lotea: Ehunezko babesak edo olanak instalatzea: 134.863,25 euro, gehi %21-eko BEZari dagozkion 28.321,28 euro.
- 3. Lotea: Panel fotovoltaikoak instalatzea: 45.184,64 euro, gehi %21-eko BEZari dagozkion 9.488,77 euro.
Epeei dagokionean berriz, lanak urte bukaerarako amaituta izatea aurreikusten da.