Ordiziako EAJren udal taldeak hamabost hilabeteren balantzea egin du
Ordiziako EAJk prentsa ohar bidez azpimarratu duenez, "EAJ-k bere aldetik egiten ari den oposizio eraikitzaileak Ordizia hobetzen laguntzen duela azpimarratu du". Era berean, "EH Bilduren Gobernuaren ekintza ezak, HAPO-ren (hiri antolamenduko plan orokorra) tramitazioa eza eta antzeko gai garrantzitsuetan, pankarta, kartel eta pintaden ugaritzearen aurrean, duen erreakzio eza deitoratzen" du.
Ordiziako EAJk prentsa ohar bidez azpimarratu duenez, “EAJ-k bere aldetik egiten ari den oposizio eraikitzaileak Ordizia hobetzen laguntzen duela azpimarratu du”. Era berean, “EH Bilduren Gobernuaren ekintza ezak, HAPO-ren (hiri antolamenduko plan orokorra) tramitazioa eza eta antzeko gai garrantzitsuetan, pankarta, kartel eta pintaden ugaritzearen aurrean, duen erreakzio eza deitoratzen” du. Ondorio horiek atera ditu Ordiziako EAJko udal taldeak Ordiziako Udala eratu zela 15 hilabete bete direnean.
“Errespetuan eta erantzukizunean oinarrituta egiten ari den oposizio eraikitzailea” dela azpimarratu dute. “Ordiziako biztanleen beharrei erantzutea izan da gure helburua, beste alderdien oposizioa egiteko moduaren oportunismoari eta demagogiari lekurik eman gabe”, azaldu dute.
Bestalde, “hilabete hauetan, talde jeltzaleak Ordizia eta ordiziarren bizi-kalitatea hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu, eta ekimen horiek eragin positiboa izan dute udalaren ekintzetan. Ordenantza fiskalen eta tasen onarpena, baita aurrekontuena ere, oposizio eraikitzaile horren adibide argiak dira”. Jeltzaleen esanetan, “bi kasuetan, EAJren proposamenek gobernu taldeak aurkeztutako proiektuak hobetzen lagundu dute”.
Aurrekontuen kasuan, “abstentzioari esker [proposamenak onartu ondoren], aurrera atera ziren. Herriarentzat negatibotzat jotzen genuen kontuak bi urtez jarraian luzatzea, eta hori saihesteko lan egiten dugu”, adierazi dute. “Orain egokitzat jo baitituzte EAJk gobernatzen zuenean kritikatzen zituzten ekimen berberak”.
Gobernu taldeaz
Gobernu taldearen jardunari dagokionean ere eman du iritzia EAJk: “EH Bilduk baliabide ekonomiko gehiago dituela (udalaren historiako aurrekonturik handiena du) eta aurreko udal gobernuek baino teknikari gehiago dituela gogorarazi ondoren, HAPOren (hiri antolamenduko plan orokorra) tramitazioa bezalako gai garrantzitsuei eragiten dien paralisi garrantzitsua deitoratu” dute. EAJk aurrekontuen negoziazioan duen eskakizunetako bat da HAPOa berritzea: “HAPOn (hiri antolamenduko plan orokorra) inolako aurrerapenik izan ez den urteetan, etxebizitza, aparkalekua, garapen ekonomikoko espazio berriak… gelditu egin dira”, ohartarazi dute. “Zerbitzu hori udalean zegoen, eta gobernu honek kanpora atera du”.
Era berean, “Alkatetzak, modu permisiboan zabartutako Ordizia” aipatu du EAJko udal taldeak. “Pankartak, kartelak eta pintadak ugaritzearen aurrean, utzikeriagatik eta permisibitateagatik kezkatuta” daudela adierazi dute. “Ordiziaren irudia jokoan dago. Kontua ez da garbiketa-zerbitzuak aldian behin aktibatzea, baizik eta irmoak eta kritikoak izatea zabarkeria horiek egiten dituztenekin”, argudiatu dute. EAJren ustez, “udal gobernuaren jarrera permisiboak horra garamatza. Ustezko adierazpen askatasun baten aitzakian, Ordizia historikoki ezker abertzaleak gobernatzen duten hiri eta herrien antza har dezan saiatzen ari da EH Bilduren gobernua: pankartaz, kartelez betetako herria, hiri-altzarietan, erakusleiho itxietan… Pintadek ematen dute ongietorria gure herrira, ondare historikoaren fatxada eta hormak margoz betez”, salatu dute. “Irudia ez da dena, baina garrantzitsua da talde politiko bakoitzak defendatzen duen herri ereduaren definitzeko orduan”, ziurtatu dute.
Prentsa oharrarekin amaitzeko, udal kudeaketan duten “esperientzian, udal arazoen ezagutzan eta taldearen ideietan” jarri du arreta EAJk, “Ordiziako Udalaren agendan eragina izaten jarraitzeko funtsezko elementu gisa”: “EAJk politika serio bat ezartzen jarraituko du, elkarrizketara irekia eta proaktiboa, eta aldi berean zorrotza”.