Josetxo Imaz proba igandean da, Lazkaon hasi eta bukatuta
Lazkao, Ordizia, Beasain eta Lazkao arteko 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek.
Josetxo Imazen oroimenezko 24. lasterketa Lazkaon hasi eta Lazkaon bukatuko da igandean. 11:00etan abiatuko dira korrikalariak Ordiziara lehendabizi, eta ondoren Beasainera, 10 kilometro korrika eginda berriz ere Lazkaora itzultzeko.
Hiru herrietan txandakatuz egiten den korrika proba da, Josetxo Imaz atleta zenak hiru herriekin zuelako harremana. Aurtengo irteera-helmuga Ordiziari bazegokion ere, datorren urtekoa 25.a izango denez, Lazkaon egitea erabaki dute aurten Txindoki Atletismo taldeko antolatzaileek, eta urteurren borobila Ordizian.
Izen-emateari dagokionean, 300 bat korrikalarik parte hartzea aurreikusten da, iaz baino gehiagok. Larunbatean, 21:00etan amaituko da izena emateko epea Kronoak.com webgunean.
Sailkapen orokorreko lehen bost gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dituzte sariak. Baita lehenengo beasaindarrek, ordiziarrek eta lazkaotarrek ere. Parte hartzaile guztiek kamiseta eta poltsa bana ere jasoko dute opari.
Haurren lasterketak
Helduen lasterketa hasi aurretik, dena den, txikienek izango dute korrika egiteko aukera. Kasu horretan, ez daukate aurrez izena eman beharrik. 10:00etan hasiko dira korrikaldiak, benjamin neskekin; azkenak izango dira kadete eta neska mutilak. Adinaren arabera, itzuli bat, bi edo hiru eman beharko dizkiote 480 metroko zirkuituari.
Lasterketa bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek garaikur bana jasoko dute. Helduek bezala, korrikalari gaztetxo guztientzat poltsa bana izango da opari.
Zirkulazioan eragina
Ohi bezala, hiru herrietako zirkulazioan eragina izango du lasterketak.