Bi erakusketa ireki dituzte gaur Ormaiztegiko gizarte etxean
Kontxi Simon eta Iñaki Galabide 'Igala' ormaiztegiarren lanak jarri dituzte ikusgai. Paperarekin egindako artelanak biltzen ditu batek eta margolanak, loreak nagusiki, besteak.
Ormaiztegi gizarte etxean bi artista ormaiztegiarren erakusketak aurkeztu dituzte gaur goizean. Kontxi Simon KS Artpaper-ek egindako paperezko artelanak jarri dituzte ikusgai, batetik. Berbizi papera jarri dio izenburu erakusketari. Papera “oso material noblea eta esker onekoa” dela dio Simonek. Bere lanetan nagusiki erabiltzen duen materiala da papera. Jaiotzez Segoviakoa den arren, 2 urterekin Itsason etorri zen Simon eta 1980tik Ormaiztegin bizi da.
Erakusketa ikusteko ordutegia ondokoa da:
- Astelehenetan; 16:15-18:10. (Sarrera ate nagusitik)
- Asteartetik igandera; 10:00-20:00. (Sarrera tabernatik)
Iñaki Galabide Igala artista ormaiztegiarrak, aldiz, margolanak jarri ditu ikusgai, 14 lan guztira. Gehienak iazko neguan egindako margolanak dira eta loreak dituzte protagonista gehienek. Duela urte batzuk, Beasaingo Jokin Telleria irakasle eta artistarekin aritu zen ikasten Igala, eta urte batzuk daramatza artelan mota ezberdinak sortzen. Beti izan du pinturarako sena, baina erretiroa hartu zuenean hartu zuen margotzeko ohitura. Aurrez, itsasontzien maketak egiteko afizioa zuen.
Erakusketa ikusteko ordutegia ondokoa da:
- Asteartetik igandera; 10:00-20:00. (Sarrera tabernatik)