Urigoitia eta Azkorbebeitia azkarrenak Korosti Trailen eta Goierri Trail Koparen amaiera
Korosti Traileko ibilbide luzeko azkarrenak Azkorbebeitia eta Urigoitia izan dira. Laburrean, berriz, Unanue eta Arozena. Goierri Trail Kopa ere amaitu da gaurko lasterketarekin eta irabazleak Oiartzabal eta Lujanbio.
Korosti Trail lasterketa jokatu da gaurkoan Legazpin, aurtengo Goierri Trail Kopako azken lasterketa. Bi ibilbide izan dituzte aukeran parte-hartzaileek, itzuli laburra eta luzea.
13km-ko ibilbidea
Itzuli laburrari dagokionean, 163 korrikalari izan dira hasierako arkutik irten direnak eta 13km-ko erronka izan dute aurretik. Herritar askok hartu dute parte lasterketa honetan. Lasterketako azkarrena Aner Arozena zumarragarra izan da, ordu eta hamar inguruko denboran osatuz ibilbidea. Honen atzetik iritsi dira Xabier Ibargutxi legazpiarra eta Asier Oliveira urretxuarra. Hau hala izanik, gizonezkoen podiuma goierritarrek osatu dute. Emakumezkoetan, berriz, azkarrena Maider Unanue aramarra izan da, lasterketaren lidergotza eskualdean utziz eta hurrenez hurren iritsi dira Nora Orbegozo azpeitiarra eta Josune Aldanondo beasaindarra. Goierritarrek argi utzi dute lasterketa honetan markarik onenak haienak direla.
23km-ko ibilbidea
Bigarren ibilbide aukera 23km-koa izan da, ibilbide luze gisa izendatu dutena. Bertan gizonezkoen kategorian, Markel Urigoitia otxandioarra izan da azkarrena eta honen atzetik iritsi dira Ioseba Eskudero idiazabaldarra eta Hodei Lujanbio goizuetarra. Emakumezkoetan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñoarrak irabazi du lasterketa eta atzetik izan ditu lehia bizian Lara Estebanez legazpiarra eta Mayi Mujika egun Elgoibarren bizi den urretxuarra. Beraz, ibilbide laburrean goierritarrak izan diren arren garaile, ibilbide luzearen lidergotza bizkaitarrek eraman dute gaurkoan.
Goierri Koparen irabazleak
Goierri Trail Kopa gaur amaitu da lasterketa honekin. Ordizian hasi zuten lehia eta Arriaranen, UZ Trailen, Zerain-Seguran, Leharrein, Txindokin, Zaldibian, Axari Trailen eta gaurko Korosti Trailen eskuratutako emaitzekin gailendu dira irabazleak.
Goierri Kopa Trail. Sailkapena:
- Emakumezkoak:
- Eneritz Oiartzabal Etxabe (Azpeitia). 414 puntu
- Edurne Arakistain Jauregi (Legorreta). 395 puntu
- Lara Estevanez Vivar (Legazpi). 292 puntu
- Gizonezkoak:
- Hodei Lujanbio Apeztetxea (Goizueta). 488 puntu
- Andoni Jaka Alberdi (Zumarraga). 348 puntu
- Gaizka Lasa Berdegue (Legorreta). 278 puntu
Goierri Kopa Sprint. Sailkapena:
- Emakumezkoak:
- Maider Unanue Aranburu (Arama/Lazkao). 868 puntu
- Maddi Elizasu (Andoain). 362 puntu
- Maite Murgia Ioldi (Lazkao). 314 puntu
- Gizonezkoak:
- Jon Rodriguez Cuadrado (Ordizia). 798 puntu
- Igor Etxeberria Kerejeta (Legazpi). 722 puntu
- Julen Balerdi Aranburu (Idiazabal). 716 puntu