'El parto' antzezlana bihar Legazpin, Iratzarri elkartearen eskutik
Latxartegi aretoan izango da Goierriko antzerki talde amateurraren emanaldia, 20:00etan. Sarrera doan da.
Iratzarri emakume elkarteak antzerkira gonbidatzen ditu legazpiarrak. Goierriko Urrup antzerki talde amateurraren El parto antzezlana programatu du biharko, urriak 18, eta sarrera doan izango da. Emanaldia Latxartegi aretoan izango da, 20:00etan hasita.
Ana Martinez Azkona taldekideak idatzitako antzerki lana da El parto. Mirentxu eta Pablo bikotearen arteko gora-beherak kontatzen ditu, genero berdintasuna eta umorea uztartuta. Senitartekoak ospitalera joango dira, jaio berriaren bisitan, eta itxaron-gelan umearen generoari buruzko galderek piztuko dute istorioaren trama. Ohi bezala, Rosa Rojo izango da Urrupeko antzezle taldearen zuzendari El parto-n ere. Urtzi Gorostiaga, Ana Martinez, Marisol Cavero, Julen Paredes, Juan Manuel Pecharroman, Jose Luis Elortza, Miguel Angel Veliz Lillo eta Jose Luis Argiñano goierritarrek jokatuko dituzte pertsonaien paperak. Julen Iraola da argikuntzaren eta soinuaren teknikaria.