Katxalin elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu astebururako, bularreko minbiziaren aurkako egunaren inguruan
Gaur LegazTipi Tapako kideek arrosa kolorez jantzita egin dute osteguneroko bira, eta bihar, Legazpiko Katxalineko kideek postua jarriko dute bihar, elizako arkupeetan. Larunbateko Kulturen Arteko Egunean ere parte hartuko dute.
Legazpiko Katxalin elkarteko kideek ere bat egin dute larunbatean, urriak 19, ospatzen den bularreko minbiziaren aurkako egunarekin, eta hainbat ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako. Hasteko, gaur bertan LegazTipi Tapa biran parte hartu dutenekin batera atera dira paseora, arrosa koloreko zapiak eta kamisetak jantzita.
Bihar azoka eguna dela baliatuta, elkartearen baitan egiten diren eskulanak eta bestelako materiala saltzeko postua jarriko dute elizako arkupeetan. Loteria ere salgai izango da bertan, eta dirua biltzeko itsulapikoa ere jarriko dute. Eguerdian, bularreko minbiziarekiko sentsibilizazioaren ikur den lazo arrosa jarriko dute udaletxeko balkoian.
Larunbatean, bestalde, udalak eta Hotz Legazpik antolatutako Kulturen Arteko Egunean parte hartuko dute, eta postua jarriko dute.
Azkenik, hilaren 26an, larunbata, Kale Nagusiko Eroski denda barruan izango dira, elkartearen materiala saltzen.
Salmentatik ateratako dirua elkarteak antolatzen dituen jardueretarako eta bularreko minbiziaren ikerkuntzarako izango da.