Legazpiko PSE-EEk Iraunkortasuneko foru diputatu sozialistak udalerriko udal proiektuei emandako babesa nabarmendu du
Jose Ignacio Asensiok zuzendutako sailak 238.000 euro baino gehiago bideratu ditu ingurumen arloko proiektuak bultzatzera.
Legazpiko PSE-EE alderdiko ordezkariek ohar bat kaleratu dute Jose Ignacio Asensio sozialistak zuzentzen duen Aldundiko Iraunkortasun Departamentuari eskerrak emanez, udalerrian ingurumen arloko proiektuak bultzatzeko emandako 238.096 euroengatik.Legazpiko energia komunitateak, San Ignazioko ur parkeak eta Urola ibaia garbitzeko ekintzek jaso dute Aldundiaren laguntza.
Besteak beste, TEK Legazpi energia komunitateari “babes erabakigarria” eman diola nabarmendu dute, horretarako 155.000 euro bideratuta, horren bideragarritasun ekonomikoa bermatuko delako, eta “etxe eta denda txikiei energia berriztagarria eskuratzea erraztu” zaielako. Oharrean jasotzen denez, “ekimen hau urrats esanguratsua da jasangarriagoa den beste eredu energetiko baterantz, CO2 emisio gutxiagorekin eta faktura elektrikoaren murrizketarekin. Konpromiso sozialista bat da, trantsizio energetikoa eta jasangarritasuna bultzatzea funtsezko gaia baita”.
San Ignazio auzoan ur parkea eraikitzeko 35.000 euroko inbertsioa ere aipatu dute, eta “2030 Agendaren garapen jasangarriko helburuak lortzen laguntzen” duela nabarmendu du, “klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko espazio bat eskainiz”. Parke horiek “babesleku klimatiko” gisa hartzen direla zehaztu du, eta “aisialdirako eta freskatzeko leku bat eskaintzen dute, bereziki haurrentzat bero boladetan”.
Azkenik, Urola ibaiko energiaren eta zaborren garbiketaren arloko ekintzetarako egin den 12.600 euro baino gehiagoko ekarpena ere aipatu du.
Proiektu horiek guztiak udaleko hainbat sailek kudeatzen dituzte, eta “bat datoz klima aldaketa arintzeko eta klimaaaldaketara egokitzeko helburuekin, bai eta gure ingurunea zaintzeko konpromisoarekin ere”.