Musika banda eta txistulariak bat eginda, txistua aldarrikatzeko
Legazpiko bandak eta Goiz Deiak kontzertua egingo dute elkarrekin, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera. Txistua indarra galtzen ari dela eta, bultzada eman nahi diote.
Legazpi Musika Bandak Goiz Deia txistulari taldearekin konpartituko du igandean egingo duen udazkeneko kontzertua, txistuaren garrantzia aldarrikatzeko helburuarekin. Herriko musikariek txistuari eskainitako egitaraua prestatu dute, eta aparteko gonbidatua izango dute gainera: musika tresna horren munduan erreferente handia den Garikoitz Mendizabal.
Kontzertua Latxartegi aretoan izango da, 12:30ean. Ohi bezala sarrera doan izango da, eta ateak 12:00etan irekiko dituzte. Elkarlanaren helburua euskal gizartean hain errotuta dagoen txistua sendotzea da, txistuarekiko sentsibilitatea berpiztea. Izan ere, Jesus Castillejo musika bandako zuzendariak azaldu duenez, «txistuak indar handia galdu du» azken aldian. «Kontzertuarekin duen boterea erakutsi eta aldarrikatu nahi dugu. Beti lotu izan da kalejirarekin edo erromeriarekin, baina gauza asko eta oso interesgarriak egin daitezke musika tresna horrekin».
Goiz Deia eta Mendizabal
Horretarako, azken urteetan Santa Zeziliako kontzertuetan erakutsi duten bezala, berritasunaren eta aldaketaren aldeko apustua egin duten Goiz Deia bandako kideen laguntza izango dute, batetik, eta bestetik, «txistua jotzen birtuosoa den Garikoitz Mendizabal» ere izango da kontzertuan jotzen. Uda aurretik hasi ziren kontzertua antolatzen, eta «pieza oso-oso politez» osatutako egitaraua prestatu dute, Castillejok aurreratu duenez.
Pieza horietako batzuk txistularien eta bandaren lan klasikoak dira, eta beste batzuk espresuki Mendizabalentzat sortutakoak. Musikarientzat kontzertu «nahiko exijentea» dela aitortu du bandako zuzendariak, eta entsegu ugari eskatu dituela, bakarka, taldeka, eta partaide guztiak elkartuta.
Kontzertu honetan Doinua Musika Eskolako hainbat ikaslek ere joko dute, batez ere bandari perkusioaren atalean laguntzeko. Bestalde, Ainhoa Enatarriagak pianoarekin lagunduko du.
Udazkeneko kontzertua
Egitaraua
Eskainiko duten egitaraua:
- LMB eta GARIKOITZ MENDIZABAL
1.Mont Saint Michel…………………………….David Rivas Dominguez
Episodio Sinfonico
2.Irribarrea…………………………………………Xabier Zabala
3.Variaciones de un tiempo pasado………Eduardo Moreno
- LMB, GOIZ DEIA TXISTULARIAK eta GARIKOITZ MENDIZABAL
1.Homenaje a Laskurain…………………………Antonio Ibarrondo
Aukeraketa
2.Goizeko izarra……………………………………Jose Maria Gurrutxaga
Diana
3.Legazpi……………………………………………..J.I. Ansorena – J. Oiartzabal
Zortzikoa