Baserritar misto profesionala izateko aukera
Gipuzkoako Foru Aldundiak argibideak emateko bilera antolatu du bihar Ordizian Baserritar Misto Profesionalaren inguruan. 18-55 urte bitarteko herritarrei zuzendua dago programa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala proiektua sortu du, lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuarekin. Egitasmo aitzindari horren bidez, «interesdunak lanaldia murriztu ahal izango du enpresan, bere ustiategian profesionalki jardun ahal izateko». Proiektuaren inguruko argibideak emateko eta zalantzak argitzeko bilera informatiboa egingo du aldundiak bihar, 18:30ean, Ordiziako Barrena jauregian.
Baserritar Misto Profesionala 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren % 50 izan beharko du.
Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.
Herritarren Batzarra herritarren partaidetzarako foroaren barruan egindako gomendioei erantzuten dio Baserritar Misto Profesionalak. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren esanetan, harrezkero, aldundiak aurrera egin du proiektu horri forma emateko, lehen sektoreko eta enpresa-esparruko eragileekin batera lan eginez: «Kolektibo horiekin izandako saioen ondorioz, proiektu pilotu esperimental aitzindari eta berritzaile bat aurkezten dugu, eta datozen bost urteetan egokitzen joatea aurreikusten dugu, lortzen ditugun emaitzen eta eragileek egindako ekarpenen arabera».
Diru laguntza deialdia
Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. 2025etik aurrera diru laguntzen deialdi bat egingo da urtero langile interesdunarentzat eta bere lan profesionala egiten duen enpresarentzat. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko.
Horrela, 40.000 euro jasoko dituzte baserritarrek, bi ordainketatan banatuta: bata programaren hasieran eta bestea hirugarren urtean. Bestalde, enpresek 30.000 euroko ordainketa bakarra jasoko dute. Arrutik adierazi duenez, «gure asmoa da urtero 30 bat onuradun egotea eta bost urteren buruan 150 baserritar misto profesionaletara iristea». Horrela, urte hauetan zehar proiektura 9 milioi euro bideratzea espero da. Baldintza guztiak urriaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren. Gaur egun, 50 urtetik gorako pertsonek kudeatzen dute ustiategien %78