Aldundiak Baserritar Misto Profesionala ekimena aurkeztu du Goierrin
70 bat lagun elkartu ziren atzo Ordiziako Barrena jauregiko informazio saiora.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala egitasmoa aurkezteko eta zalantzak argitzeko informazio bilera egin zuen Ordiziako Barrena jauregian. 70 bat pertsona hurbildu ziren, “lehen sektorearen belaunaldi-erreleboa bermatzeko” helburuarekin aldundiak Gipuzkoan abian jarri duen ekimenari buruzko informazio jasotzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuko ordezkarien esanetan, ekimen honen bidez, “lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi zaie, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz”. Horretarako, % 50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.
Programaren xehetasunak
18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, hamar bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren % 50 izan beharko du.
Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.
Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko.