Erosketa bonuak gaurtik, salgai
Azaroaren 27ra arte eskuratu ahal izango dira erosketa bonuak Idiazabalgo udaletxean. Erosketa txartel bidez ordainduko da eta NAN txartela aurkeztea derrigorrezkoa da.
Herriko merkataritza eta zerbitzu sektorea suspertzeko helburuarekin, Idiazabalgo Udalak erosketa bonuen kanpaina jarri du martxan, aurrenekoz. Gaur hasita azaroaren 27ra arte eskuratu ahal izango dira bonuak udaletxean. Interesatuek NAN txartela aurkeztu beharko dute, eta beste norbaiten izenean erosi nahi izanez gero, baita haren NAN txartela ere.
500 bonu jarri dira salgai, eta 20 euro ordainduta, 40 euroko balioa duten bonuak lortu ahal izango dira.
Hau da bonuak erosteko ordutegia:
• Azaroak 20 eta 21: 10:30 – 12:30 eta 16:00 – 19:00
• Azaroaren 27ra bitartean: 10:30 – 12:30
Kanpaina azaroaren 20an hasiko da, eta 2025eko urtarrilaren 4ra arte iraungo du. Erositako bonuak epe horretan gastatu beharko dira. Momentuz herriko 15 komertziok parte hartuko dute kanpainan eta azaritxoaren irudiarekin identifikatu ahal izango dira.
Egungo merkataritza ohituren aldaketa dela eta, herria bizirik mantentzeko, Idiazabalgo merkataritza eta zerbitzuetako jarduera berreskuratzeko, erosketak herrian bertan egitea sustatuko duen eta herriko familien ekonomia laguntzea du helburu kanpainak. Udalak 10.000 euro bideratu ditu kanpaina hau bultzatzeko, eta erosketa bonuen balioaren erdia hartuko du bere gain.